Síguenos en redes sociales:

Getaria hobeto ezagutzeko dastatu Balearrin bertako arraina

Duela 30 urte ireki zituen ateak jatetxeak hondartzan bertan eta hasiera batean plater konbinatuak, ogitartekoak eta abar saltzen zituzten arren, badira urte batzuk bertako produktuari “garrantzi handia” ematen diotela.

Getaria hobeto ezagutzeko dastatu Balearrin bertako arrainaPedro Amundarain

Aurten 30 urte beteko dira Getariako Balearri jatetxeak ateak ireki zituenetik. Hondartzan kokatuta dago, hondarraren gainean. “Hasiera batean txiringito modura ireki zuten nire gurasoek”, adierazi dio egunkari honi Imanol Goikoetxea Balearriko langileak. Plater konbinatuak, ogitartekoak... eskaintzen zituzten bertan eta, geroago “menua sartu zuten, parrilla ere bai; sardinak, txitxarroa... Gainera, ez zen irekita egoten urte guztian; aste santuan ireki eta urriko zubian ixten zuten jatetxea”. 

Orain, badira urte batzuk negozioak aldaketak jasan zituela. Izan ere, “jatetxe profesional bat izatera pasa ginen duela zortzi urte edo. Azkenean, semeak sartu ginen negozioan eta pixka bat aldatzea erabaki genuen. Taberna izatetik jatetxe izatera pasa ginen. Getariarrak garela aprobetxatuz, gure produktuekin lan egin nahi genuen eta horregatik egin genuen aldaketa. Hasiera batean, bertako itsasontziekin lanean hasi ginenetik, menu bereziak prestatzen hasi ginen asteburuetan. Ondoren, kartarekin bakarrik lan egiten hasi ginen. Kostatu zitzaigun jabeei (familiarrei) konbentzitzea (barrez). Orain, urtarrilean eta abenduko azken astean bakarrik ixten dugu. Jendeak parrilla baloratzea nahi genuen. Identitatea eman nahi genion Balearriri”.  

Goikoetxeak 28 urte ditu eta 16 urterekin hasi zen Balearrin lanean. “Udan, asteburuetan eta jendea behar zenean hasi nintzen lanean, ikasketekin uztartzen nuen bitartean. Kontrakoa ikasi nuen, baina gurasoek galdetu zidatenean ea hemen lan egiteko prest nengoen baiezkoa eman nien. Pixkanaka, jatetxeko postu desberdinetan aritzeko aukera izan dut eta guztia ondo kontrolatzen dudala esan dezaket. Gurasoak egunean zehar egoten dira hemen, lanean ere”.  

Bertako produktuak

“Bertako arrantzaleekin hitz egin ondoren, elkarlanean hasi ginen. Bertako produktuari nahi genion eman garrantzia, garaian garaikoa dena. Antxoa eta atuna dagoenean hori prestatzen dugu. Gaur (maiatzaren hasieran) dentoiak eta sargoak ekarri dizkigute arrantzaleek, beraz, hori eskainiko dugu. Normalean erreboiloa, zapoa eta gaztaka izaten ditugu urte osoan”. 

Balearri jatetxea Getariako hondartzan.

Hala ere, “beti esaten dut etortzen direnei galdetzeko ea zein den gure gomendioa. Behin berdela joaten denean, gauza ugari izaten ditugu; gaztaka, bertako zapoa, barbarinak, sargo erreala, itsaskabra, dentoiak... Getariak duena aprobetxatu nahi dugu, nahiz eta geroz eta arrantzale gutxiago egon. Etortzen direnek hemengoa jaten badute, herria hobeto ezagutuko dute”. Balearriko espezialitatea arraina parrillan egitea da, “baina jendeak esango du erreboiloa dela (barreak)”.  

Zerbitzari falta

Toki askotan bezala, Balearrin ere nabaritu dute gazteek geroz eta gutxiago egiten dutela lan ostalaritzan. “Lehen ia denok egiten genuen lan zerbitzuetan; tabernan, jatetxean, izozkiak saltzen... Ikasketak edota kapritxo batzuk ordaintzeko egiten genuen. Orain, aldiz, geroz eta jende gutxiagok nahi du sektore honetan jardun”.

Dirua ez, “girua” behar da

Getaria kostaldean kokatuta dago eta Balearri jatetxea, esan dugun bezala, hondartzan. Beraz, jendea etor dadin eguraldi “ona” egitea (baserritarrarentzat, agian, ez da eguraldi hain “ona”) ezinbestekoa da.

“Hemen, Luisek, Elkano jatetxeko parrilleroa izan zena, esaten zuena (osabak horrela esan zidan behintzat) esan ohi dugu: dirua ez da behar, “girua” bai. Getarian giro ona egiten badu, jendea etorriko da, bestela... Hala ere turismoak gora egiten jarraitzen duela nabaritzen dut. Gainera, kanpokoek gure gomendioei kasu egiten diete. Bertakoa erreboiloaren bila badator... ez diozu ideiaz aldatuko”.  

Argia joan da? Berdin du

Apirilaren bukaeran, argia joan zenean Euskal Herri eta Estatu osoan, Balearrik ez zuen zailtasunik izan ia. “Argia joan zen 12.30ak inguruan. Hemen parrilla piztuta zegoenez, martxan jarraitu zuen. Plater hotzak ere atera genituen. Ebakitzeko makinak ez zihoan eta gauza batzuk ezin izan genituen eskaini, baina gainerakoak berdin jarraitu zuen. Gainera, sekulako giroa zegoen egun horretan, eguzkia, ia lainorik gabe eta tenperatura ona. Egun anekdotikoa izan zen”.