Trikitixa eta panderoen doinu eta erritmoak jaun eta jabe izango dira larunbat honetan Oñatin. Gainera, izen propio batekin: Primi Erostarbe Etxeberria (1907-1995). Araotzen jaiotako panderojole, irrintzilari eta koplalari emakume ezagun honen bizitza liburu-disko batean jaso da, eta azaroaren 22an kultur etxeko zine aretoan aurkeztuko dute.

Egun horretan bertan trikitixak protagonismo bikoitza izango du. Izan ere, Lizargarate elkartearen eskutik, Oñatiko XVII. Trikiti jaialdiarekin gozatzeko aukera egongo da. Hogei bat trikitilari arituko dira Santa Ana antzokiko oholtza gainean, bikoteka edo taldeka: Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai; Joxe, Agustin eta Andoni Elortza, Andoni Oruesagati eta Uxue Kerejeta; Enaitz eta Oier Alberdi; Imanol Astiasaran, Unai Andonegi eta Rakel Pujana; Iparraldeko Patrik eta Cristian Larralde, eta Nicolas Villeneuve-Dubord; Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte, eta Izar eta Iñigo Irazabal

Jaialdiak 17.00etan irekiko ditu bere ateak, eta sarrerak Txokolateixan eta udalaren webgunean (www.oñati.eus) eskuragarri daude.

Aurkezpena kultur etxean

Baina, lehenengo hitzordua goizean izango da. Horrela, 11.30ean hasita, kalejira egingo dute Santa Marina plazatik abiatuta, eta ordu erdi beranduago, kultur etxean 'Primi Erostarbe, itzalari dantza' izenburuko liburu-diskoaren nondik norakoak azalduko dituzte komunikabide aurrean. Ekitaldian Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kideak, Haritz Garmendiak, liburuaren egile den Itziar Ugarte idazle eta kazetari oñatiarrak, Iñaki Olalde Kultura zinegotziak eta Primiren senideek parte hartuko dute. 

San Fermin Txiki egunean

Jaiotzez araoztarra zen Erostarbe eta gaztetan Martutenera taberna batean lan egitera joan zen. Bere gurasoengandik ikasi zuen panderoa jotzen. Plazaz plaza San Fermin Txiki egunean, Pasaian, hasi zuen bere ibilbidea. Irrintzilaria ere bazen, astoarekin herri batetik bestera mendiz joaten zenean bakardade horretan ikasi omen zuen irrintziak botatzen.

Artean plaza publikoa goi eta behe gizonek hartua zutenean, giro hartan bere lekua egitea lortu zuen lehen emakume trikitilarietako bat izan zen Primi. "Panderoa izan zen haren tresna, eta hura bezainbat, ahotsa eta irritzia. Garaiko txapelketetan aldearekin nabarmendu zen -tartean, hitzak sartzen zituelako irrintzi egin bitartean-, eta haren jarrera biziak eta deliberatuak ere egin zuen ezagun. Baita umore-senak ere. Araotz inguruko koplari tradiziotik edan zuen zuzen. Hain justu, mundu zahar hura 1970eko hamarkadan suspertutako kultur munduarekin lotu zuenetako bat izan zen. Donostian igaro zuen bizialdiaren zati handi bat; eta han hil ze, aurten duela 30 eurte", azaldu dute Euskal Herriko Trikitixa Elkartetik.

Euskal Herri osoan eta Europan

Gerra Zibilaren ostean hasi eta 80ko hamarkadara arte, plazarik plaza ibili zen Valentin Aldalurrekin batera. Goizaldi eta Argia dantza taldeekin ere 20 urtez aritu zen. Euskal Herri osora eraman zuen bere panderoa, baita Europako herrialde batzuetara ere, hala nola, Suitza, Alemania eta Austriara. 1982ko San Martin egunean jo zuen azken aldiz jendaurrean. 

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 'Soinuaren Liburutegia' bildumako 18. alea eskaini dio gaur egungo trikitilari eta panderojolentzat erreferente den emakume honi.