Iaz aurtengo Usurbilgo Sagardo Eguna kolokan egon ondoren, antolakuntzaz arduratzen den Sagardo Egunaren Lagunak elkartean erreleboa egon zen eta indarberrituta dator jaia.
Honenbestez, igandean 42. Sagardo Egunean ia 40 produkzio desberdin dastatzeko aukera egongo da frontoian, Askatasuna plazan eta Dema plaza inguruan. Usurbilgo sagardoak protagonismo berezia izango du: herriko bederatzi baserrik (Agerre Azpi, Anburu, Gorosti, 3 Arima, Troya, Zumitza, Ibindox, RBLD, Dranbaenea) eta herriko zortzi sagardotegik (Aginagan, Aginaga eta Urdaira; Usurbilen, Aialde Berri, Arratzain, Saizar Txapelgorri eta Saizar; eta Zubietan, Araeta, Astiazaran) beraien saldak ekarriko dituzte.
Gainera, sagardoarekin batera, jatekoa ere zerbitzatuko dute pintxoen eta taloen bidez Askatasunako estalpean egun osoa eutsi ahal izateko.
Egitaraua
Egitarauari dagokionez, aurreko edizioek zabaldutako bidea jarraituko ekitaldiek. Honela, 11.00etan botatzaileen argazkia aterako dute etan 11.30ean Sagardo Egunari irekiera emango zaio. Etenaldia izango da 15.00ak aldera, botatzaileek bazkaria izango baitute Udarregi ikastolan. Arratsaldean, 17.30etik 20.00etara festa erdigunera itzuliko da eta Elektrotxorongo elektrotxaranga kalejiran ibiliko da kaleak musikaren alaituz.
Aurten ere, Emagin elkarteak indarkeria matxistarik gabeko gunea jarriko du Sagardo Egunean, Udalaren eskariz: Mikel Laboa plazan jarriko dute, 18.00etatik 23.00etara (euria egiten badu, Sutegiko atarian).
Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen.
Eguna ere baliatuko dute herriko bi elkarteei aitortza egiteko: Ziortza Gazte Elkartea eta Zumarte Musika Eskola. Biek 40 urte bete dituzte.
40. urtemuga prestakizunetan murgilduta daude eta Sagardo Eguna egun berezia izango da beraiengtzat. Ziortza Gazte Elkarteak, Maiatzaren 23ko asteburuan ospakizun jaialdia burutuko du. Zumartekoek, aldiz, hainbat ekitaldi iragarri dituzte asteotarako, ekainaren 14ko jaiegunaren aurretik.
Ibilaldi gidatua
Bestalde, Sagardo Eguna festa hutsa izan ez dadin eta edari honen kultura eta euskal sustraiak goraipatzeko, 650 Usurbil Bizi egitasmoak igande goizean Usurbilgo sagardoaren kultura bisita gidatua eskainiko du.
“Bisita gidatu honetan sagardoaren historia eta edari honen ingurukoak (sagastiak, sagarrak,…) azalduko ditugu. Sagastietan barrena ibiltzen garen bitartean Usurbilgo sagardo kultura ezagutuko dugu. Geldialdi berezia izango dugu, gainera, Egiluze baserriko tolarea ikusiko dugu. Bisitaren bukaeran sagardoa dastatuko dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Hiru orduko ibilbidea, 10.00etatik 13.00etara, izango da gutxi gorabehera menditik barrena, bost kilometro egingo dira guztira, beraz oinetako egokia ekartzea beharrezkoa da eta ez da ibilbide irisgarri bat. Ezin da txakurrekin etorri ibilbidean abereak daudelako.
Parte hartzeko derrigorrezkoa izango da izena ematea usurbilkultura.eus helbide elektronikoaren bitartez. Bisitak hiru euroko prezioa du eta eskudirutan ordaindu beharko da bisita hasi baino lehenago. Partaideak 10.00etan bilduko dira Sagardoaren Eskulturan (Noaua-ren alboan).
Trafiko aldaketak
Azkenik, jakitera eman dutenez, Sagardo Eguna dela eta, aldaketak izango dira igandean trafikoan. Ohi bezala, herriko sarrera nagusia itxita egongo da ibilgailuentzat, goizetik iluntzera arte, 10.00 eta 20.30 bitartean. Aldi berean, Kaxkoan, ohiko mozketak izango dira, oinezkoei lehentasuna emanez.
Horrez gain, Donostia-Zumaia autobusak San Inazio kaleko beheko biribilgunean gelditu dira egun horretan; Usurbil-Hernani lotzen dituzten autobusak, berriz, Atallun.
Trafikoari dagokionez ere, igandean Itzulia Women lasterketa Usurbildik eta Aginagatik pasatuko da: Donostiatik Oriorako noranzkoan pasatuko dira txirrindulariak, aurreikuspenen arabera, 12.20-12.40 tartean.