Errenteriako emakumeak madalenetako arima
XVII. Koldo Mitxelena Ikerketa Bekak festen antolaketan emakumeen papera aztertuko du
EmakumeekErrenteriakohistorian, antolaketan eta parte-hartzean izan duten papera berreskuratu nahian, Koldo Mitxelena Beka baliatu da ikerketa horiek bultzatzeko.
Koldo Mitxelena Ikerketa Beka hizkuntzalari errenteriar honi omenaldia egiteko asmoz sortu zen. Alabaina, gaur egun, helburu berritu horri eusten dio, euskarazko ikerkuntza sustatzeaz gain, emakumeen ikerketa lana bultzatzearen alde egiten du eta Errenteriaren iraganeko eta egungo egoerari buruzko ezagutza zabaltzearen alde, bere alderdi guztietan.
Itsaso Cruzek, Artxibo eta Argitalpenetako zinegotziak esleipendunaren aurkezpenean gogorazi zuenez, ikergai zehatza deialdi bakoitzean erabakitzen da, beti ere giza eta gizarte zientzien alorrean. Hortaz, 2024ko deialdiko gaia Emakumeen parte-hartze soziopolitikoa Errenterian XX. eta XXI. mendeetan izan da.
Berdintasun Plana
Gai hori Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Planean jasotako proposamenetik dator, non, bigarren ardatzean, honako gai hau proposatzen duen: “Herriko emakumeen ekarpenetan sakontzen jarraitzea, haien ekarpena aitortuz eta balioan jarriz, haien izen propioak argitaratuz”.
Hortaz, aurten XVII. Koldo Mitxelena Ikerketa Beka esleitu da. Aukeratutako lana da Orereta-Errenteriako emakumeak herriko festen antolaketan. XX. eta XXI. mendeen bitarteko ibilbidearen hurbilpen antropologikoa, Maialen Jiménez Garaialdek aurkeztuta.
Gaiaren konplexutasuna dela eta, egokitzat jo da ikerketaren hasiera gaur egunera atzeratzea. Hala, ikerketa osoa 2026ko abenduan aurkeztu ahal izango da.
Maialen Jiménezek Gizarte Antropologiako Gradua du eta orientazio publikoko antropologiako master bat. Gradu amaierako gaia Zainketa-sareetan oinarritutako bizikidetza-komunitateak izan zen eta, masterraren amaierako lanarena, Orereta-Errenteriako erraldoi eta buruhandien konpartsatik abiatuta herri-komunitatea (bir)eraikitzea. Honenbestez, Jiménez Errenteriako festetan jantzia dago eta gai horrekin berarekin parte hartu zuen Espainiako Soziologiako XV. Biltzarrean.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziarekin lankidetzan aritu da, Mundu Arabiarraren eta Asiaren Lankidetza Sailaren Laguntza Unitatean.
"Nire interesako gaia"
“Nik Antropologia ikasi nuen eta niretzat oso inportantea zen lan honetan ikuspegi antropologiko hori jartzea. Antropologiatik asko landu da festen alderdi politiko horren garrantzia, askotan pixka bat aldean uzten dena, orduan, alde batetik horregatik eta beste alde batetik Masterreko amaierako lanean nire interesako gaia delako, nik atera nahi izan nuen alderdi hori”, adierazi zuen Jiménezek. “Parte-hartze soziopolitikoa bere osotasunean 18 hilabetetan ikertzea ezinezkoa denez, gaia lurreratu nahi izan nuen”, gaineratu zuen.
“Egia da Euskal Herrian bereziki festen alderdi politiko hori oso garrantzitsua izan dela eta zehazki Oreretan, madalenak oso garrantzitsuak dira eta presentzia handia daukate. bai herritarren artean eta baita herritarren jarduera politikoan ere. Iruditu zitzaidan hor aurkitu di-tzakegun zantzuak aztertzea izan daitekeela paisaia orokorraren inguruko ideia egiteko modu bat”, amaitu zuen.
Jiménezek gogo handiarekin eta motibazio handiarekin dagoela lan hau prestatzeko adierazi zuen.
15.000 euro
Bekaren diru-hornidura 15.000 eurokoa da. Epaimahaia Mila Amurrio, Ane Larrinaga eta Gidor Bilbao Euskal Herriko Unibertsitateko kideek osatu zuten, Itsaso Cruz Artxibo eta Argitalpenetako zinegotzia presidente lanetan eta Leonor Garcia udal artxibozaina idazkari lanetan.
Udako Euskal Unibertsitateak lau edizio daramatza beka hau antolatzen laguntzen. “UEUren izenean, esango nuke oso sari berezia dela. 15.000 euro ez da gutxi Udal batek horrelako ikerketa bat antolatzeko. Oso sari ona da eta Errenteriako Udalaren aldetik beti ikusi dugu ahalegin zintzoa gauzak ondo egiteko. Gure lana UEUren bidez berme akademikoa ziurtatzea da eta aurreko esperientziek erakutsi digute lankidetza hau aberasgarria dela alde bientzat. Batzuetan ere lagundu izan dugu lana bera berbideratzen, arazoak egon daitezkeenean laguntzen eta UEUk irabazi du ere ikusi duelako zein gauza egiten diren Euskal Herriko toki desberdinetan”, aipatu zuen Gidor Bilbaok.
Epaimahaitik adierazi zutenez, eztabaida egon zen esleipenduna aukeratzeko, baina Jiménezen lana hautatu zuten oso proiektu sendoa eta egingarria delako eta mahai gainean geldituko ez den lan bat dela uste dutelako.