EDIL planen bidez Europar Batasunak eskualdeen garapenerako ematen dituen dirulaguntzak lortzeko Oiartzungo Udalak hainbat proiektu aurkeztuko ditu. Guztira hiru milioi eurotik gorako proiektuak egikaritzea aurreikusi dute.

Nagusienak hauek dira: Altzibarko gune estalia (1,5 milioi euro); bidegorriko lotura berriak egitea eta zati ezberdinak konpontzea (milioi bat); Altzibarko Klarene plaza inguruan dagoen eraikin bat eraberritu eta Zorrolako trenaren inguruko interpretazio gune txiki bat egitea (200.000); eta herriko komertzio txikiak diruz laguntzeko egitasmoa (175.000).

Oarsoaldeko proposamena

Oarsoaldeko gainontzeko hiru udalerriekin elkarlanean osatu dute proposamena, eta azkeneko udal osoko bilkuran aho batez onartu zituzten Oiartzunen gauzatu nahi dituzten inbertsioak. Oarsoaldeko lau udalerrien artean guztira 14,5 milioi euroko aurrekontua duen inbertsio plana osatu dute.

Herri garapen iraunkorra

Joana Mendiburu alkateak eman zituen prestatu duten planaren xehetasunak. Hautatuko proiektuek herri garapen iraunkorra sustatuko dutela azaldu zuen, ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegi hirukoitzetik: “Herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten egitasmo hauek 2025-2029 urte bitartean gauzatzeko izango dira, eta dirulaguntza lortuko bagenu inbertsioaren %40 finantzatuko ligukete”. Aurrekontuaren %60 Udalak jarriko luke, alegia. 

Aurrekontua aseguratuta

Dena den, bestela ere, Udalak baduela aurkeztu dituzten proiektuak egiteko asmoa nabarmendu zuen: “Proiektu horiek denak behar duten inbertsioa jasota dugu gure aurrekontuetan, eta dirulaguntza lortuko bagenu jarritako diruaren %40 errekuperatuko genuke, proiektu gehiago egin ahal izateko”.

Oiartzun Burujabe

Bestalde, osoko bilkura berdinean, Oiartzungo Udalaren 2025-2027 Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren lehen aldaketa ere onartu zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJko abstentzioarekin. 

Alternatiben Oihartzuna elkarteari 20.000 euro emango dizkiote, burujabetzen bidean komunitatearen garapena eta herritarren partaidetza eta elkarlana sustatzeko. Oiartzungo herritarrak ahaldundu nahi dituzte, Oiartzun Burujaben parte-hartze aktiboa izan dezaten. 

Zortzi urteko ibilbidea

Ibon Mitxelenak, Burujabetzen zinegotziak, lanketa 2017an abiatu zela azaldu zuen: “Duela zortzi urte hasi ziren martxan zeuden burujabetza ezberdinetan lanean zebiltzan hainbat herritar elkartzen eta gaia lantzeko Burujabetzen Eguna antolatzen”. 

2023an helburuetan “koska bat gora” egin zutela adierazi zuen. “Oiartzunen burujabetza terminotan burutzen ziren hainbat proiektu bazirela ikusirik, guztiak artikulatuko zituen dinamika batekin amesten hasi ziren”. Udalak ere bat egin zuen proiektuarekin eta elkarlanean josten hasi ziren Oiartzun Burujabe herri-proiektua, “herritar ororen bizi baldintzak hobetu eta burujabetza prozesu demokratikoetan sakontzeko”. 2024an proiektuaren aurkezpen publikoa egin zen.