Karta-jokoa kaleratu dute Oñatiko esamoldeekin
Mahaiaren bueltan, belaunaldien arteko transmisioan eragitea da helburua
'Trikitx egin', 'Aleitzira esan', 'Katamarran ibilli', 'Gantzak euki', 'Mukukixo egon', 'Burubide bat emun'... Eta, horrela, Oñatiko berrogei esamolde baino gehiago dira jada kalean dagoen karta-jokoaren haria. Belaunaldien arteko transmisioan eragiteko bultzatu dute ekimen berri hau. “Karta bakoitzak esamolde eta berba berezi bat du, herriko hizkera modu jostagarrian lantzeko”, azaldu du gaur Iñaki Olalde zinegotziak. Ikastetxeetan erabiltzeaz gain, familian jolasteko aukera paregabea ere bada. Badihardugu Euskara Elkarteko kide den Idoia Etxeberriak prestatu du edukia, eta Mirari Sagarzazu ilustratzailea irudiak sortzeaz eta karten disenuaz arduratu da.
Guztira, 42 esamolde batu dituzte. “Aukeraketa bat besterik ez da, askoz gehiago baitaude. 'Oñatiera' oso aberatsa da, eta helburua ondo pasatzen dugun bitartean horren barruan dauden esamoldeak ezagutaraztea da, eta bide batez, horien erabilera ez galtzea”, adierazi du Etxeberriak. Herriko euskara jasotzeko lan handia dago eginda aurretik, besteak beste, “Roberto Altunari eta Jerardo Elortzari esker, eta hori erabili dugu jokoa osatzen duten 42 kartak egiteko; esamolde batzuk Oñatin bakarrik esaten dira eta beste batzuk euskara batuaren parte ere badira”, zehaztu du Badihardugu Elkarteko ordezkariak.
Herritar guztiei zuzenduta
Pantailekiko mendekotasun handia dagoen egungo testuinguruan, mahaiaren bueltan elkartzeko sortu dute karta-joko hau, herritar guztiei zuzenduta. “Aitzaki horrekin, beste hainbat esamolde ere ikasteko aukera izango dute gaztetxoek, hau da, etxe bakoitzean erabiltzen direnak”, gaineratu du Etxeberriak.
Jokatzeko bi modu daude: koloreka eta zenbakika
Karta bakoitzean esamoldearen azalpena, adibideak eta esanahiari buruzko galdera-erantzunak jasotzen dira. “Kolore edo zenbaki bereko karta gehiago biltzen dituenak irabaziko du. Karta lortzeko, ezinbestekoa da zuzen erantzutea, baina gero posible da karta beste norbaitek kentzea ere”, gehitu du Etxeberriak. Gutxienez bi eta gehienez sei jokalarirentzako jolasa da.
Erakargariak eta koloretsuak
Erakargarriak eta koloretsuak dira Sagarzazuk diseinatutako ilustrazioak. “Marrazkiak egiteko jarraitu ditudan irizpideak komiki estiloko eta ondo ulertzeko moduko irudi garbiak lortzea izan dira, kolore paleta bat jarraituz, eta bertan agertzen diren pertsonak egungo gizartearen anistasunaren isla izan daitezen ahaleginduz”, azpimarratu du egileak.
Salmenta-puntuak
300 karta-joko kaleratu dituzte, eta horietako hainbat ikastetxeetan banatuko diren arren, edozein herritarrek erosi ahako ditu Turismo bulegoan eta Txokolateixan, hamar euroren truke.
“Urte asko dira Udaleko hainbat egitasmotan Badihardugu Euskara Elkartearekin lanean gabiltzala. Azken urteetan, 'Ingo xonau' proiektuaren harira ikastetxeekin harremana sendotu egin da. Hortik sortzen da herriko esamoldeetan oinarritutako ekimena, karta-joko honekin gorpuztu dena”, aipatu due Udaleko Euskara batzordeburu den Iñaki Olaldek. Ziur agertu da etxeetan “nagusiek esamolde hauen eta beste batzuen ezagutza” izango dutela, eta karta-joko hau “zabaltzeko modu bat” izan daitekeela.
Beraz, herriarekin zuzenean lotuta dagoen 'Oñatiko esamoldiak' jolasa prest dago haurrek zein helduek une dibertigarriak pasa ditzaten.