Egungo egoeraren erradiografia egin ondoren, Hezkuntza Kontseilua sortzea eta herri hezitzaile filosofia berreskuratzea funtsezko zereginak izango dira. Udala, Arrasate Herri Eskola, Arizmendi Ikastola eta Institutua batera doaz egitasmo honetan.
“Azken urteetan hezkuntzaren gaiak herritarrengan, ikastetxe zein familietan eta, oro har, herrigintzan eragiten duen kezkatik abiatuta, Arrasateko Udalak hezkuntza formal eta ez formalaren eremuko diagnosia egiteko prozesu bat jarri zuen abian. Egungo herriko hezkuntza eremuaren osasuna aztertu, eta, elkarrekin, aurrera begira egiteko modu berriak partekatu eta adostu ditugu”, azaldu du astelehen honetan Herri Eskolako zuzendari den Iratxe Salaberriak.
Euskara, inklusioa, eta bizikidetza eta herri kohesioa
Diagnosian batu dituzten datuak eztabaidatu eta gero, hiru arlotan banatutako ondorioak identifikatu dituztela zehaztu du Arizmendiko zuzendari den Illar Azkaratek. Alde batetik, eta euskarari dagokionez, “eskola eremutik haratago gazteen artean euskararen erabilera areagotzeko testuinguru seguru, erakargarri eta biziak sortzea, eta herrian euskara ikasteko aukerak zabaldu eta baliabide gehiago jartzea”, zerrendatu ditu Azkaratek.
Inklusioaren arloan, bestalde, “jatorri atzerritarreko familietako haur eta gazteen migrazio prozesuen eraginen lanketa egiteari, inklusiorako oztopoen kontzientzia herrian zabaltzeari, edota aniztasunaren balioa hedatzeari”, garrantzia eman dio Arizmendiko zuzendariak. Azkenik, bizikidetzaren eremuan, “eskolaz kanpoko eskaintza kohesio aukera bihurtzeko, eta haur eta gazteen babeserako prebentzioa eta tratu onak herriko bizikidetzarako palanka izateko erronkak”, nabarmendu ditu.
Plan estrategikoa
Diagnostikotik eratorritako ondorioak oinarri hartuta, plan estrategiko bat egiteko asmoa agertu dute. Horretarako, “herri hezitzailearen filosofia berreskuratu eta eguneratuko dugu”, aurreratu du Jasone Giraldo Hezkuntza zinegotziak.
Udalak honetan “apustu irmoa” egiten duela ere baieztatu du. “Hezkuntza komunitateaz arduratuko den Kontseilua eratzeko zerbitzua kontratatuko dugu”, adierazi du Giraldok. Apirilean zerbitzu hori esleituta egotea espero da, datorren ikasturtean martxan jarriko den Kontseilua dinamizatzeko.
Herriko eragile ezberdinei “bertan aktiboki parte hartzeko gonbita” ere luzatu die, horrela, “hezkuntzaren egungo beharrei modu transbertsalean aurre egiteko tresnak eta baliabideak aztertu eta garatuko ditugu”, aipatu du Giraldok.
Gizartearen heziketa komunitarioa
Udal Gobernuaren xedea herri hezitzailearen oinarriak gidari izatea da. “Hala, hezkuntza bera, prozesu gisa ere, kontzientzia kolektiboa sortzeko, herritartasun aktiboa bultzatzeko eta ahalduntze pertsonal zein sozialerako tresna bilakatzen da. Gizartearen heziketa komunitarioak, herritarren parte-hartze zuzenak, gizarte adostasunak eta herritarren arteko elkar ezagutza hobea sustatzen lagunduko digu; hots, bizikidetzan eta herri kohesioan zuzenean eraginez”, azpimarratu du Giraldok.