Sagardo Eguna ospatuko dute igande honetan Zarautzen. Lege Zaharren Enparantzan izango da eguerdiko 12.00etatik 14.00etara. Zuekin elkarteak antolatu du eta ekitaldi honen bidez, ostalariek ongietorria emango diote aurtengo txotx saioari.
Musika, bertsoak, txistulariak...
Eguna ekitaldi ugariek beteko dute. Musika, bertsoak Motxian bertso eskolaren eskutik eta Goizeko Ihintza elkartearen txistulariak ere egongo dira bertan. Familien txokoa ere irekiko dute, txikiek eskulanak eta joko desberdinetan jolasteko aukera izango dute.
12 euroren truke sagardoa, txuleta eta kopa
Lege Zaharren Enparantzara hurbiltzen direnak, 12 euroren truke sagardo berria dastatzeko, txuleta pintxoa jateko eta kopa bat eskuratzeko aukera izango dute. Horrela, sagardogile guztien sagardoak dastatu ahal izango dute. Euskal Parrilla egongo da bertan ere txuleta pintxoak parrillan egiten.
Gainera, berrerabilpena sustatzeko asmoz, kopa bueltatzen duenari bi euro itzuliko zaizkio. Horrela, txotxa hamar eurotan aterako da.
Bederatzi sagardogile
Igandean bederatzi sagardogile egongo dira Zarautzen: Aburuza (Aduna), Altuna (Urnieta), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), OrdoZelai (Oiartzun), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia) eta Urdaira (Usurbil).
Omenaldia ekitaldi hasieran
Ekitaldia urteroko omenaldiarekin hasiko da eta aurtengoan, Iñigo Intxauspe eta Helena Pedrosari egingo zaie omenaldia, aurten erritatu baitira.