Síguenos en redes sociales:

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen guneek 54.309 erabiltzaile izan dituzte 2024an

45.412 ikus-entzule izan dira Sanagustin kulturgunean, Soreasun, Dinamoa eta kalean antolatutako jardueretan, eta 8.897 lagunek parte hartu dute sormena eta transmisioa lantzeko proiektu eta egonaldietan

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen guneek 54.309 erabiltzaile izan dituzte 2024anKulturaz

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak 2024. urteko balantzea egin du. Aditzera eman duenez “kudeatzen ditugun espazioetan kultur eskaintza orekatua, anitza eta oparoa eskainiz, espazioetatik igaro eta ekitaldietan parte hartu dutenen kopuruak gora egin du. Kultur komunitatea aberastu, sormen eta transmisio proiektuak egonkortu eta ekimen berriak martxan jartzeko urtea izan da. Hainbat bidelagunen bultzadari esker, urte ona izan dela esan daiteke”.

Ia berrehun ekitaldi

Jakitera eman dituen datuek Kulturazen balorazioa indartzen dute. Urtean zehar 198 ekitaldi antolatu dira: 103 Sanagustin kulturgunean, 77 Soreasu antzokian, zazpi Dinamoa sormen gunean eta 11 kalean. Parte-hartzaileri dagokionez, 45.412 ikus-entzule izan dira antolatu diren ekintzetan. “Ekitaldi kopurua eta ikus-entzule kopuru osoa zertxobait jaitsi egin dira 2023arekin alderatuz, baina ekitaldiko ikus-entzule media %3 igo da”, adierazi zuenKulturaz kooperatibak.

Sormena eta transmisioa

Horrez gain, sormena eta transmisioa lantzeko 20 proiektu dituzte martxan eta 22 sormen egonaldi burutu dira Dinamoa sormen guneko eta Soreasuko espazioetan. Guztira 8.897 erabiltzailek parte dituzte proiektu hauetan, eta, horrela, 54.309 erabiltzailera igo da orotara Kulturaz kooperatibak kudeatzen dituen espazioetatik igaro direnak

Jatorria eta euskara

Agertokira igo diren sortzaileetatik 184 Euskal Herrikoak izan dira (96 Azpeitiakoak edo eskualdekoak). Ekitaldien %14,14 izan da euskara ez den beste hizkuntza batean, eta Dinamoa sormen gunean gauzatutako proiektuen %100a euskaraz izan da. Bertatik pasa diren erabiltzaileen %78 herritarrak edo eskualdekoak izan dira eta %22 Euskal Herriko beste herri edo hirietakoak.

Genero ikuspegia

Generoari dagokionez, agertokira igo diren pertsonen%53 emakumezkoak izan dira eta %47 gizonezkoak, nahiz eta diziplina artistikoen artean desberdintasunak nabarmenak diren. Sormen eta transmisio ekimenetan, berriz, erabiltzaileen %75 emakumezkoak izan dira.

Guztira, 69 ekitaldi soinuaren ingurukoak izan dira, 49 gorputzari lotutakoak, 41 hitza ardatz zutenak eta 39 irudiari buruzkoak. Sormen eta transmisio proiektu eta ekimenetan hitzaren, gorputzaren eta irudiaren eremuetan launa proiektu gauzatu ditu Kulturazek, eta soinuaren eremuan hiru. Eremu guztiak landu dituzten proiektuak, berriz, bost izan dira.

Elkarlana gizarte eragileekin

Kooperatibak kultur eta gizarte eragileekin elkarlanean egindako lana ere aipagarria izan da. Aurten, 30 eragilerekin lankidetzan aritu da eta 77 ekitaldi herriko kultur komunitateak sustatu ditu. Bestalde, Kulturaz kooperatibak 46 ekitaldi sustatu eta antolatu ditu zuzenean, eta beste 75 bestelako eragileek programatu dituzte. Finantziazioaren alorrean, kooperatibak %75eko autofinantzazioa lortu du beste urte batez.

'Parte hartu, parte izan'

Urtean zehar, 'Parte hartu, parte izan' ekimen berritzailea jarri du martxan Kulturazek, kultur komunitatea osotasunean antolatzeko helburuarekin. “Norbanakoen eta taldeen parte-hartzea sustatuz, komunitate sendoago bat eraikitzeko pausoak ematen hasi gara”, adierazi zuen kooperatibak.