Azpeitiko Udalak irmoki gaitzetsi du abenduaren 31an emakume batek jasandako genero-indarkeria erasoa, eta bere elkartasuna adierazi dio biktimari eta haren ingurukoei.

Udalak argi utzi nahi izan du horrelako gertakaririk ez duela onartzen Azpeitian, eta lanean jarraituko du emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea izan dezaten.

"Erasoa pairatu duen emakumeari eta bere ingurukoei gure babes osoa eta laguntza eskaintzen diegu. Era berean, Udalak bere esku dauden baliabide guztiak jarriko ditu biktimaren zerbitzura, bai informazio eta aholkularitzan, bai errekuperazio-prozesuan behar duen laguntza guztian", adierazi dute udal ordezkariek.

Egiturazko arazoa

Genero-indarkeria egiturazko arazo gisa ulertzen du Udalak, eta emakumeak kontrolpean eta mendean mantentzea helburu duen sistema patriarkalaren adierazpen argitzat jotzen du.

"Ez dira ekintza isolatuak, generoen inguruko aurreiritzi eta estereotipo errotuen ondorio zuzena baizik", nabarmendu dute.

Bikotekide edo bikotekide ohiek egindako erasoak emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen lazgarrienetakoa direla azpimarratu dute, eta horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo dute gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea.

Desagerrarazteko konpromisoa

Azpeitiko Udalak emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko konpromisoa berretsi du, eta berdintasun-politikak garatzen jarraituko duela adierazi du. Horretarako, prebentzio, sentsibilizazio eta baliabideen bideratze-lana izango ditu ardatz.

"Gure herrian ez dugu onartuko emakumeen aurkako indarkeriarik, eta elkarte, erakunde eta herritarrekin elkarlanean jarraituko dugu indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzeko", adierazi dute. Halaber, eraso oro irmoki gaitzesteko eta biktimak babesteko beharra azpimarratu dute.

Udalak gogorarazi du telefono-zenbaki hauetara dei daitekeela eraso baten aurrean: Gizarte Zerbitzuak, 943.157.192; Udaltzaingoa, 092 edo 943151313; Emakumeen Txokoa, 688.751.000; edo Ertzaintza, 112.