Zoroperia eguna bihar, abenduak 26a, ospatuko da Zestoan. Egitarauari 10.00etan emango zaio hasiera Idiakaitz txistulari taldearen dianarekin. Ordu berean XXXIII. Barazki eta Fruta lehiaketa, Urolako XXV. Ezti lehiaketa eta XXIV. Zestoako Sagardo lehiaketa hasiko dira.

Erleek, erlezaintzak eta erlauntzak presentzia nabarmena izango dute ferian, produktuen erakusketa didaktikoarekin (azalpenak 12.30etik aurrera) eta erlauntzako produktuen dastaketarekin.

Horretaz aparte, Segurako talogileak eta Zestoako artisauen salmenta-postuak izango dira plazan goizean zehar.

Jai giroa

11.00etan trikitilarien kalejira hasiko da eta 12.15ean Itxaropena dantza taldeko kideen dantza saioan parte hartzeko aukera izango da plazan. 12.45 helduko da barazki, fruta, ezti eta sagardo lehiaketetako sari banaketak eta, ondoren, sagardoaren dastaketa.

Eguerdian, Gaztetxean baba jana egingo dute eta 17.00etan Denok kiroldegira kalejira alaituko du txarangak, piezaren izenburuak esaten duen bezala, kiroldegirako bidean. Bertan Abantzu Pilota Klubak antolatutako herri kiroletako lehia gauzatuko dute Aizarna, Akoa eta Zestoako taldeek (harri-jasotzea; lokotx-biltzea eta karga eramatea).

Segidan pilotaren txanda izango da, Txapei III–Apezetxea eta Sasiain–Aizpuru jokatuko duten partidarekin. 

Erromeria eta gehiago

18.00etan Zapotxin pailazoak Esan, galtzerdi maitea! ikuskizuna antzeztuko du Kultur Etxeko aretoan eta 19.00etan, bertso-poteoa, Erniarraitz taldeak antolatuta, Aitor Sarriegi eta Jon Gurrutxagarekin

Egitarauaren bukaera Fan&GO taldearen erromeriarekin helduko da, 19.30etik aurrera