Hondarribiko Udalak herriko merkataritza sustatzeko bonu kanpaina jarri du martxan
Establezimenduak aste honetan atxikitu ahalko dira eta bonuak martxoan trukatu beharko dira
Hondarribiko Udalak bonuen kanpaina jarriko du abian herriko hurbileko salmenta fisikoaren sarea indartzeko asmoz, . Helburua herriko merkataritzan eragitea eta herriaren bihotza diren saltoki txikiak laguntzea da.
“Guretzat oso ekimen garrantzitsu baten aurrean gaude” azaldu du gaur Estitxu Urtizberea Sustapen Ekonomikorako zinegotziak: “Bertako merkataritzaren garrantzia oso handia da, eta ikusita merkataritza soilik eremu handiko guneetan igotzen ari dela, iniziatiba hau aurrera ateratzea ezinbestekoa zaigu”.
Hala, pasa den astelehenetik hurrengora, hau da, abenduaren 23ra arte, bonu-kanpainan parte hartu nahi duten komertzioek izena emateko aukera izango dute, udalaren webgunean.
Momentura arte, hogei establezimenduk eman dute izena: Xera Estetika, Xera Lentzeria, Zuloaga, Canela, Hache, Heme Shop, Higuer optika, Olatz bitxi-denda, Kuttuna Boutique, Mar Boutique, Marina Aguinagalde argazkilaria, Nanai, Hiruarri, Ortoleku, Pascual, Villatijeras ileapaindegia, Rezola, Sirène, Soule eta Spa Sokoa.
Kanpainaren xehetasunak
Kanpaina 18 urte edo gehiago dituzten Hondarribian erroldatuta dauden pertsonei dago zuzendua eta horren funtzionamendua horrelakoa izango da: urtarrilaren 6ra arte,establezimenduek bonuak banatuko dituzte. Baldintzak betetzen dituen onuradun bakoitzak gehienez 10 euroko hiru bonu eskuratu ahal izango ditu gutxieneko hogeita hamar euroko erosketetan. Saltokiek sortu eta balioztatuko dizkiete bonuak onuradunei, beren perfilean eroslearen NAN zenbakia sartuz. Aplikazio batean, pertsona horrek baldintzak betetzen dituela ziurtatuko da eta, hala bada, dagozkion bonoak sortuko dizkio. Erosleak ez du aplikazioan erregistratu ezta ezer berezirik egin behar.
Ondoren, martxoa osoan zehar, onuradunek bonu horiek erabili ahal izango dituzte atxikitako edozein establezimenduan. 10 euroko bonu horiek gutxieneko 20 euroko erosketa bakoitzeko trukatu ahal izango dira, eta hirurak aldi berean erabili ahal izango dira. Kanpainan atxikitu diren dendak zeintzuk diren jakiteko, zerrenda Udalaren webgunean argitaratuko da, eta establezimendu bakotizak kartel bat jarri beharko du erakusleihoan.
Urtizberea zinegotziak azaldu duenez, kanpaina honetan denda mota gehiago sartu ahal izateko epigrafeak zabaldu dira. "Beste kanpainetan zenbait saltoki mota kanpoan geratzen ziren, eta orain gehiago hedatzea lortu dugu, onurak ahalik eta denda gehienetara heldu daitezen”.
Bestalde, Maria Carrera Amuitz Hondarribiko Dendarien Elkarteko presidentea kanpaina honekin pozik agertu da: “Udalak kanpaina hau abian jartzea eskertzen dugu. Batez ere, Hondarribian erostea saritzen delako, eta gainera, bonu-trukaketa hori martxoan egingo delako. Normalki, komertzioarentzat ez da oso hilabete ona izaten, eta horrek asko lagunduko digula uste dugu”. Gainera, Carrerak nabarmendu du aurreko urteetan baino establezimendu gehiagok parte hartu ahal izango dutela oraingoan.