Síguenos en redes sociales:

Irungo Udalak euskaldunei "ezikusiarena" egin izana salatu dute 35 elkartek

Gabonetako argiak pizteko ekitaldian ez zen euskararik erabili, eta horrelako egoerak ohikoak direla azaldu badute ere, aski dela esateko garaia iritsi dela adierazi dute

Irungo Udalak euskaldunei "ezikusiarena" egin izana salatu dute 35 elkartekN.G.

Joan den abenduaren 4ean Gabonetako argiak pizteko egin zen ekitaldian Irungo Udalak euskaldunei "ezikusiarena" egin ziela salatu dute Irungo 35 elkartek. Izan ere, ekitaldian ez zen gure hizkuntza erabili, ez Mateo Vergara aurkezlearen aldetik, ezta ondoren eskainitako ikuskizunetan ere, Gisela abeslariaren kontzertua barne.

Gertaera horrek “milaka irundarrengan sorrarazi zuen ezinegona kontuan hartuta”, Txingudi Ikastolako Guraso Elkarteak, Irungo beste eragile batzuekin batera, Udalari irundar guztion hizkuntz-eskubideak bermatu ditzala eskatu dio komunikatu baten bidez. “Gertaera hau, urte luzetan euskal hiztunak bigarren mailako herritar bilakatzera eraman duten dinamikaren adibide bat gehiago besterik ez da. Baina herri eragileon pazientzia agortuta, ‘Aski da!’ adierazteko unea iritsi delakoan gaude, euskarak eta euskal kulturak Irunen Udalaren partetik jaso beharreko begirunea exijituz”, adierazi dute.

Elkarteek gehitu dutenez, zoritxarrez, ohituta daude egoera hori behin eta berriz bizitzera, baina oraingoan “mingarriagoa” izan dela azaldu dute: “Gabonetako argien pizte ekitaldi arrandiatsuan euskara eta euskaldunok existituko ez bagina bezala jokatu dute, noiz eta Euskararen Nazioarteko Egunaren biharamunean, non eta bereziki haurrei zuzendutako ekitaldi batean, euskara ikusezin”.

Irungo Udalak Euskararen Eguna zela eta argitaratu zuen adierazpen instituzionalari dagokionez, “hitz polit eta potolo guztiak hutsalak” direla esan dute elkarteek, “ekintzaz lagundurik ez badaude; eta zurikeria merkea baino ez, esaten denaren kontrakoa egiten bada”.

Azkenik, hemendik aurrera ez direla isilik geratuko ziurtatu dute eragileek, Udalak “behingoz, euskaldunoi muzin egiteari utz diezaion”. 

‘Aski da! Irunen ere euskaraz bizi nahi dugu!’ lelopean, hauek dira salaketa publikoa sinatu duten 35 erakundeak:

Hezkuntzako Guraso Elkarteak:

• Txingudi Ikastolako Guraso Elkartea (HLHI-BHI) 

• Toki Alai-Siutz ikastetxeko Alaikiro Guraso Elkartea 

• Elatzeta HHHI ikastetxeko Guraso Elkartea 

• CEIP Dunboa HLHI eskolako Guraso Elkartea 

• Hirubide BHIko Guraso Elkartea 

• CEIP Eguzkitza HLHI-BHI ikastetxeko Guraso Elkartea 

• CEIP Leka Enea HLHI eskolako Zabaldu guraso elkartea

Euskal Kultur Taldeak 

• Bidasoko AEK 

• Betti Gotti euskal kultur elkartea 

• Irungo Euskal Jira 

• Txorimaloak Soinu Taldea 

• Aitzondo Euskara Elkartea 

• Auntxa Trikitixa Eskola 

• Kemen Dantza Taldea 

• Irunabar, Irungo bertsoaren bilgunea 

• Bidasoako EKT (Euskal Kultur Taldea) 

• Burrunba Elektrotxaranga 

Gizarte eragileak

• Parean berdintasun elkartea  

• Bor-bor hausnarketa kolektiboa 

• Gaurko Andreak berdintasunaren aldeko elkartea

• BDSKoop eraldaketa fabrika 

• Antxeta Irratia irrati-elkartea 

Auzo Elkarteak

• Larreaundi-Olaberria Auzo Elkartea 

• Alde Zaharra-San Juan Auzo Elkartea 

• Erdiguneko-Centro Auzo Elkartea 

• Landetxa-Katea Auzo Elkartea 

• Arbesko Errota Auzo Elkartea 

• Meaka-Ibarla Auzo Elkartea 

• San Miguel Auzo Elkartea 

• Uztarriona, Urdanibia Berriko Auzo Elkartea

• Arbes Auzo Elkartea 

Kirol Elkarteak

• Atxiki Pilota Eskola 

• Lur Alai Squash Kluba 

• Txingudi Rugby Club 

• Erlaitz Mendi Elkartea