Lasarte-Oriak Imanol Lizardi izango du gogoan
Bertso-Astea antolatu dute hilaren 26tik 29ra bertsolaritza herritarrengana hurbiltzeko
Azaroaren 26tik 29ra bitartean, Lasarte-Orian Bertso-Astea ospatuko da, Earra! bertso eskolak eta Ttakun kultur elkarteak elkarlanean sustatua.
Bertso-Astea bertsolaritzari lotutako hainbat jarduera konbinatzen dituen aste kultural bat da. Proiektu honek, Imanol Lizardi euskararen eta herriko kulturaren sustapenean funtsezko figura izan zenari omenaldia egiteaz gain, bertsolaritza herritarrengana hurbiltzea eta gazteen artean parte-hartze aktiboa sustatzea ditu helburu.
Programa
Asteak hiru jarduera nagusi izango ditu. Lehenengoa azaroaren 26rako programatu da. Ttakunenean bertsolari gazteentzat praktika saio bat eskainiko da, bertsolaritzaren munduan murgiltzen hasiak direnentzat pentsatua. Ekitaldia publikoari irekia izango da, eta bertsolaritzaren oinarriak ezagutzeko aukera eskainiko die bertaratutakoei.
Saioan bertsolaritzan esperientzia duten bertsolariak izango dira, neurria, errimak, doinuak eta gorputz adierazpena bezalako oinarrizko teknikak irakatsiko dituztenak.
Bestalde, Earra! bertso eskolarekin elkarlanean, azaroaren 28an bertso-poteoa antolatu da Lasarte-Oriako kaleetan zehar, trikitilarien laguntzarekin. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, “jarduera honek tailerrean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eskaintzeaz gain, bertsolaritzara modu festiboan hurbiltzea bilatzen du, herrian euskarazko giro alaia sortuz”.
Lehiaketa
Amaitzeko, I. Imanol Lizardi Sariketa ospatuko da azaroaren 29an, Mirentxuenea aretoan. Bertsolari gazteen txapelketa izango da Imanol Lizardiren omenez, 16 eta 18 urte bitarteko bertsolarien parte-hartzearekin. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetatik etorritako sei bertsolari gazte arituko dira: Maddi Lasa eta Aratz Arzelus gipuzkoarrak, Iraide Onaindia eta Hegoi Amabizka arabarrak, Kelmene Abaitua bizkaitarra eta Kattalin Lizarraga nafarra.
Ekitaldian, gazteek hiru faseko lehiaketa batean parte hartuko dute, inprobisazio eta sormen ariketak eginez. Amaieran, saridunei sari banaketa egingo zaie; irabazleak ordainsaria eta Lizardiren omenezko txapela jasoko ditu eta partaide guztiek oroigarri bana eramango dute.Gai-jartzaile lanak Aizpea Garmendiak egingo ditu. Sarrera doakoa izango da eta gonbidapenak aurrez Ttakunen banatuko dira.
Biografia
Lehenengo sariketa honekin Imanol Lizardi omendu nahi da. Iaz, 65 urterekin, Alkizan zendu zen eritasun larri baten ondorioz. Bertso eskolaren nahiz Ttakun Kultur Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta Olentzerori zein Mari Domingiri harrera egiteko taldeko kideetako bat. Baina, bere pasio nagusia bertsolaritza izan zen. Bere talde lan bikainari esker, hainbat bertso jaialdi antolatu zituzten. Ane Labaka bere ikaslea izan zen.