Eguraldi onak animatuta, milaka lagun bildu dira Itziarko Ferian, salmenta eta erakusketa postuen aukera zabalak erakarrita.
Azaroak 1eko goizeko 9.00etan eman zitzaion hasiera feriari. Goiztiarrenak bertan ziren ordurako. Goiza aurrera zihoan neurrian, jendearen presentzia gero eta nabarmenagoa izan zen. Askok kotxea aprobetxatu zuten bertaratzeko, baina beste askok feriara heltzeko jarri ziren autobusen zerbitzuan heldu ziren Itziarreraino, aldera batera utziz aparkatzeko tokia bilatzeko arazoak.
Taloaren, txistorraren eta hirugiharraren usainak egin zien harrera azokara bertaratutakoei. Beste behin ere, produktu horren salmenta-postuak ilara handien lekuko izan ziren. Ez zirenfaltan izan gozokiak, pastelak, artisau-ogia, gazta eta beste janari gosea asetzeko Itziarren. Landako tresnek eta makineriak ere lekua izan zuten azokan, artisautza, jostailuak, sukaldaritzako elementuak eta mota guztietako arropak saltzen zituzten saltokiek bezala.
Animaliak ere toki oso berezia izan zuten ferian. Bufaloak, behi eta zezen iletsuak eta beste batzuk adar beldurgarriekin jendearen miresmena jaso zuten. Horiekin batera ezagunagoak diren beste animalia mota ikusteko aukera izan zen ostiraleko ferian: oiloak, usoak, ardiak, ahuntzak, txakurrak,...
Feriaren bukaerak 14.00etan ez zuen ekarri Itziarren bizi izan zen jai egunaren amaiera. Herri kirolek lekukoa hartu zuen Zabalsoro frontoian 18.00etan. Eta iluntzean trikitilariek girotutako afari batez gozatzeko aukera izango zuten Itziarko Hostalean bildu zirenek, jaiari bukaera ezin hobea emanez.