Elizaldeko kaleak eta plazak ikuspegi feministatik hobetzeko prozesua martxan jarri du Oiartzungo Udalak . Hirigintza feminista zer den lantzeko herritarrekin oinarrizko bi formakuntza antolatu zituen irailean, eta ekarpenak egiteko fasea irekiko dute orain.
Udaletik azpimarratu dutenez, herria egunerokoan bizi duten oiartzuarrak baino adituagorik ez dagoenez, oiartzuarren proposamenak eta ekarpenak jasotzeko galdetegia prestatu dute. Urriaren 17a bitarte egongo da online betetzeko aukera, helbide honetan: www.labur.eus/elizalde-mm.
Parte-hartze saioa
Gainera, ordura arte jasotako ekarpenak aztertu eta berriak egiteko parte-hartze saioa egingo dute datorren astelehenean, 18.30ean udaletxeko pleno aretoan. Eli-6 gunearen garapenerako proposamen eredu ezberdinak ere aurkeztuko dira.
Izan ere, aurretik espero diren urteetan Tolarieta eta hilerriaren artean (Eli-6 gunean) etxebizitzak garatuko dira eta auzoaren analisi orokorra egin nahi du Udalak guztiontzat atsegina den herrigunea sortzeko.
Oiartzungo udaletxearen egitasmoaren helburua
Orokorki, ongizate indibiduala eta kolektiboa, irisgarritasuna, mugikortasuna, zaintza, kontziliazioa eta erasoekiko segurtasuna Elizalden nola hobetu aztertu nahi dute.
Hasteko, istripuen aurrean babes handiagoa behar duten tokiak, kotxerik ez dutenentzat iristeko zailak diren eremuak, topaketa eta elkarbizitza sustatzeko espazio eta ekipamendu berrietarako aukerak edota erasoekiko segurtasun handiagoa beharko luketen lekuak identifikatu nahi dituzte.