‘Hernani Natura Herria’ izango da beraien ikasleei esker
Hiru naturgune identifikatu eta hauek babesteko sarea osatuko dute herriko ikastetxe bakoitzarekin batera
Ikasturte honetan hezkuntza mailako proiektu komunitario pilotua martxan jarriko da Hernanin. Izenburua Hernani Natura Herria da, eta ikastetxeen inguruan dauden naturguneen sarea osatuko dute.
Proiektu pilotua
Proiektu komunitario pilotu honetan parte hartuko dute LH 3. eta LH 4. mailako Hernaniko bost ikastetxeetako ikasleek. Euren egitekoa ikastetxeen inguruan dituzten naturguneak identifikatu (zelai, baso, parke, urmael, erreka...) eta horien artean, hiru aukeratzea izango da, Hernani Natura Herriaren sarean txertatzeko.
“Ikuspegi orokorrarekin egingo dugu lan. Eskola guztientzako onuragarriak eta erabilgarriak izango diren espazioak identifikatu beharko dituzte ikasleek, alegia, ikuspegi komunitario batetik, Hernaniko ikastetxe denentzako zerbitzura egongo diren naturguneak”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean Berritzeguneko Iñaki Sanz-Azkuek. Bera izango da proiektuaren koordina-tzailea.
Harrera ona
Orain hasi eta martxoa arteko egitekoa izango dute Hernaniko ikasleek ikastorduetan, Sanz-Azkue eta ikastetxe bakoitzeko irakasle koordinatzaileen laguntzarekin. “Ikastetxeen aldetik oso harrera ona izan du proiektu komunitarioak eta oso giro ona dago. Lantalde ederra dugu eta asko ari gara ikasten”, azpimarratu zuen Sanz-Azkuek.
Proiektuaren lehenengo saioa atzo egin zuten udaletxean bertan.
Proiektu honetan, Hernaniko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzasaileko Berritzegune Nagusiak eta herriko bost ikastetxeek (Aratz ikastola, Elizatxo ikastola, Langile ikastola, Txirrita eskola eta Urumea ikastola) parte hartzen dute.