Datorren astelehenean emango zaio hasiera Hondarribiko Bertako Produktuaren Astearen edizio berri bat, urtero bezala, udalerriko ekoizleen lana balioan jarri eta bertako produktuaren kontsumoa bultzatzea da helburu nagusia.

Aurten ekimenaren data aurreratu egin da, Estitxu Urtizberea Jarduera Ekonomikoetarako zinegotziak azaldu zuenez, bertako produktua oparoagoa den garai batera pasa da, tailerretan erabiliko diren osagaien artean garaiko eta bertako produktuak nagusitasuna har dezan.

Ingurumen saila

Bestalde, Ingurumen sailetik bultzatutako ekimena den heinean, Bertako Produktuaren Asteak kontsumo eta elikadura ohitura osasungarri eta jasangarriak sozializatzeko helburua ere badu. Hori dela eta, aurtengo edizioan hainbat tailerrei izaera aldatu zaiela esan zuen Urtizbereak, dibulgazio karakterra eman zaielarik.

Honen harira, zinegotziak aurtengo edizioan eskaintza zabaltzeko lan egin dutela aipatu zuen. Izan ere, hamabost tailer antolatu dira. Besteak beste, Erle eta eztiaren sekretuak Itsas Etxea Elkartean; Abeltzaintza jasangarria Arkoll auzoko Mugarrieta ganadutegian; Botikako agroaldea ezagutzeko irteera; Gaileta tailerra Amona Margarita okindegian; bertako produktuekin egingo diren hainbat showcooking; Hiruzta Txakolindegira bisita; landare jangarriak ezagutzeko txangoa; Euskal Herriko gazten inguruko hitzaldia; sukaldeko amantala koloretsuen jarduera bat etxeko txikientzat eta txokolateren eta kafearen mundua gehiago ezagutzeko tailerrak. Tailerrez gain, eskolekin agroaldeara eta azokara bisitak burutuko dira eta larunbatean poltsa eta egurrezko goilarak banatuko dira azokako bezeroen artean.

Izena emateko epea zabalik

Tailerretan izena emateko epea zabalik dago www.hondarribia.eus helbidean. Horietako batean plaza baino izen-emate gehiago egongo balitz, zozketa bat burutuko da.