Oiartzungo Udala datorren urterako aurrekontua lantzen hasi da eta dokumentua herritarren ekarpenekin aberasteko xedearekin, urtero bezala, auzoz auzoko bilerak egingo ditu. Batzarrak datorren astean izango dira, irailaren 30etik urriaren 3ra.
Berrikuntzak
Aurrekontua azaltzeaz gain, datorren urtean udal ordenantzetan txertatuko dituzten berrikuntzak argitu eta auzo bakoitzean burutu diren lanen errepasoa egin eta eskaerak jasotzeko ere erabiliko dituzte hitzorduak.
Saioek ordu eta erdiko iraupena izango dutela aurreikusi dute. Ordutegiaren aldaketa izango da aurtengo batzarren berrikuntzetako bat. Berandu bukatu ez daitezen, bileren hasiera aurreratu dute eta 18.00etan izango dira ia denak; Ergoiengoa izango da 17.30ean hasiko den bakarra. Arraguako bilera tokiz aldatu dute eta frontoi ondoko lokalean egingo da, irisgarriagoa izateaz gain, jende gehiago elkartzeko aukera ematen baitu. Gainontzeko auzoetan ohiko tokietan elkartuko dira.
Hauxe izango da auzoz auzoko egutegia: irailaren 30ean, Elizalde eta Arragua (esan bezala frontoi ondoko lokalean); urriaren 1ean, Iturriotz eta Gurutze; urriaren 2an, Ugaldetxo eta Ergoien eta amaitzeko, urriaren 3an, Altzibar eta Karrika.