Gorka Hermosa akordeoilaria, Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala grabatzen ari da, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Dokumentalaren izenburua Hauspoa&tunela da. Izan ere, Otzaurteko tunelean lan egitera etorri zen italiar batek ekarri zuen akordeoia Zumarragara.
Dokumentalaren zuzendaria Goya sarietara izendatu zuten Iñaki Pinedo da. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Hainbat herritarrek ere parte hartu dute: Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinua txalapartari taldeak, besteak beste. Gainera, ostiralean erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen. Dokumentala Santa Isabel egunean estreinatzeko asmoa dute.
Hermosak egitasmoaren berri eman du. “Barruraino iristen zaizkidan gauzak kontatzen saiatzen naiz. Hori da jendearengana heltzeko modu bakarra. Pinedok dokumental bat egitea proposatu zidan eta gai hau aurkeztu nion. Asko gustatu zitzaion. Akordeoia iritsiera eta bere bilakaera oso istorio polita da eta zumarragar eta euskal herritar askok ez dute ezagutzen. Liburuetan jasota dago, baina lehenengoz ikus-entzunezko batean jasoko dugu”.