Lezoko Udalak hainbat ekimen eta proiektu jarri ditu martxan herrigunetik pasatzen diren errekak garbi mantentzeko eta hondakinak itsasoratu daitezen ekiditeko.

Hartu duen azken neurria prebentzioa du helburu. Izan ere, Eugenio de Ochoa kalean eta Herri Eskolako patioaren alde bietan saretxo metalikoak jarri dituzte azpiko aldean.

Herriko erreka bazterretako baranda azterketa egin eta gero, hondakinak errekara isurtzeko arriskua dagoen tokietan hesiak jartzea erabaki zuen Lezoko Udalak. Ikuskaritza horren ondorioz, premiazko gune ezberdinak identifikatu dira, horien artean, presazkoenak, Eugenio de Ochoa kalea eta Herri Eskolako patioaren bi aldeak.

Gune horietako barandek egurrezko hesiak dituzte edota azpiko eremua babestu gabe dute, eta horrek, hondakinak errekan bukatzeko eta, ondorioz, itsasora isurtzeko arriskua areagotzen du. Beraz, Lezoko Udalak martxan jarri dituen lanei esker, azpialde horietan guztietan saretxo metalikoak jarri dira.

Gainera, gogoratu duenez, orain gutxi Zubitxo errekan eta Bekoerrotan garbiketa lanak egin ziren eta 770kg hondakin jaso ziren.