Oiartzunera etorri berri diren sei gazteentzat Uda Plazan egitasmo berria jarri du martxan Oiartzungo Udalak. Euskararekiko duten lotura ez etetea du helburu, eta herriarekin zein herritarrekiko harremana estutzea.
Jarduera ezberdinak
Uztailaren 1ean hasi ziren elkar-tzen eta hiru astez jarduera ezberdinak egingo dituzte, guztiak euskaraz. Eskalada, bizikleta, tailerrak, zinema, igerilekua, irratia, paddle, herritarrekin egon… Begirale baten laguntzarekin, Oiartzunek eskaintzen duen aisialdiaz gozatzen ari dira.
Gogorarazi dutenez, duela hogei urte hasi zen Udala atzerritik etorritako haurrei ikastetxeetan euskara ikasteko errefortzua ematen. Udako oporretan, baina, aparteko eskola hauek eten egiten dira eta haur eta gazte batzuk euskal hizkuntzarekin lotura gutxi izaten dute. Hori dela eta, udaran ikasturtean zehar lortutakoa galdu egiten dute maiz.
Lehentasuna
Beraz, azpimarratu dutenez, Udalarentzat lehentasunezkoa da oporretan ere haur eta gaztetxo hauek euskararekiko duten lotura estu-tzen jarraitzea. HH eta LHko haurrek udalekuetan lantzen segi dezakete euskara. Uda Plazan egitasmo berriarekin, DBHko gaztetxoek ere gure hizkuntzan eta kulturan murgiltzen jarraitzeko beta izango dute aurrerantzean.