Zumarragako Udalak 3.000 euro zozkatuko ditu Zumarraga Berrikusi app-a erabiltzen duten bizilagunen artean, tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin egin da egitasmo hau. 300 euroko sari bat eta 30 euroko hamar sari zozkatuko ditu hilero, irailetik urtarrilera.
Zozketan parte hartzeko, Zumarragako saltokietan egindako erosketa tiketak igo behar dira. Lehenengo zozketa irailaren 2an egingo da, bigarrena urriaren 7an, hirugarrena azaroaren 4an, laugarrena abenduaren 2an eta bosgarrena 2025eko urtarrilaren 6an.
Zozketa
Parte hartu nahi dutenek beraien erosketa tiketaren argazki bat igo behar dute app-aren ZB Kluba atalera eta Zozketak aukeratu. Tiketak edo faktura sinplifikatuak bakarrik onartuko dira eta baliozkotutako hamar euro bakoitzeko partaidetza gehigarri bat emango da. Tiketak bost eurokoak izan behar dira gutxienez eta herriko dendetan gastatutako hamar euro bakoitzeko partaidetza bat emango da.
Irabazitako bonuak 2025eko urtarrilaren 31ra arte erabili ahal izango dira. Egitasmoan parte hartzen duten saltokietan gastatu behar dira. Gehienez 100 euro gastatu ahal izango da establezimendu bakoitzean, 300 euroko sariaren kasuan. 30 euroko saria jasotzen dutenek, 5 euro gastatu behar dute gutxienez denda bakoitzean. Zumarraga Berrikusi app-a doan deskarga daiteke aplikazioen dendetatik.
Aukeren Azoka
Ez da merkataritzarekin lotutako ekintza bakarra. Asteazkenean, 10.00etatik 20.00etara, Aukeren Azoka egingo dute Zumarragako azokako baserritarren gunean. Ekitaldia Bi-Tartean merkatari elkarteak antolatu du. Erosleen artean pintxoengatik eta food-truck-eko produktuengatik trukatzeko tiketak banatuko dituzte. Gainera, haurrentzako jolasak eta herri kirolak egongo dira.
Azokan Alex Kirolak, Aspace, Bidegorri, Itxura estilistak, Josune janaridenda, Kotoi, Kuttun, Kux-Kux, Marai&NKN, Mentxu y Yone, Naif Concept Store, Opticalia, Otxaran, Stylo Gorane Dominguez eta Titare mertzeriak parte hartuko dute.
Gainera, Amane, Arku, ATA, Baby, Bidegorri, Doss, Ezpeleta, Urdangarin burdindegia, Inaxio, Intersport Loramendi, Julen poltsoak, Julita mertzeria, AM mertzeria, Natalie-tta, Oskarbi, Otxaran, Santa Cruz margoak, Quo edertasuna eta Urbek beraien produktuak denda aurrera aterako dituzte.