Astigarragako Udalak uztailaren 24tik 28ra ospatuko diren Santio jaien egitaraua aurkeztu du ostegun honetan. Ainara Vázquezek, Jaien zinegotziak, aurtengo jaietan egongo diren berezitasun eta aldaketa batzuk azpimarratu ditu.

Jarduerak

Horien artean, haur eta nerabeentzako ekintzak leku ezberdinetan banatu direla eta jarduera gehiago gehitu direla da, iaz herritarrek egindako ekarpenak kontuan hartu baitira. Herriko gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak honakoak dira: haurren txupinazoa goizean eta txupinazo handia nerabeek botako dute; herriko buruhandiak eta erraldoiak izango dira Astigarragako kaleetan, eta baita Iruñeko Buztintxuri Konpartsarenak ere; haurrentzako eta nerabeentzako bazkariak antolatu dira; txokolatada; kale ikuskizunak; adinaren arabera sailkatutako jolasak; puzgarriak eta uretako puzgarriak haur eta nerabeentzako; apar festa eta barrakak.

Gainera, aurtengo pregoia irakurri eta txupina gaztelekuko erabiltzaileek botako dute. Gaztelekuak 25 urte beteko ditu aurten, eta data berezi honetan nerabeei jaiei hasiera emateko aukera zabaldu nahi izan zaie. Horrekin batera, gaztelekuak urte hauetan guztietan izan duen ibilbidea nabarmendu nahi izan dute eta egiten duten lana eskertu.

Aurtengo berritasun nagusiena pilota partida profesionalen jaialdia da. Uztailaren 26an 21.15ean Txomiñenea pilotalekuan izango dira partidak.

Bestalde, Xabier Urdangarin alkateak nabarmendu nahi izan zuen herriko taldeek eta Jai Batzordeak egiten duten lana: “Egitarauaren ekitaldien portzentai altu bat herriko taldeek antolatuta da, horregatik Astigarragako jaiak oso parte-har-tzaileak dira”.