Ekaineko Oiartzungo ohiko udalbatzarrean Duintasunak, Oiartzungo Pentsiodunen Elkarteak, Osakidetzaren inguruan aurkeztutako mozioa landu zuten. Kideek azaldu zuenez, “kezkatuta eta haserre” daude Osakidetzaren egoera “jasanezina” bihurtu delako.

Bilkuran adierazi zutenez, “geroz eta zailagoa da medikuarekin aurrez aurreko hitzordua lortzea, osasun etxe askotako ordutegia murrizten ari dira, espezialistarenera joateko itxaron-zerrendak amaigabeak dira…”. “Ez da noizean behingo gertakizun bat. Urteetako planifikazio gabeziak eta pertsonal politika desegokiak Osakidetza egungo egoera kaxkarrera eraman dute”, aipatu zuten. Gainera, udaran egoera are gehiago okertzen dela salatu zuten.

Horiek horrela, Udalari Jaurlari-tzara lau eskaera hauek igortzeko eskatu zioten: herritarrei kalitatezko arreta ziurtatzeko Oiartzungo osasun etxean, ordutegi eta txanda guztietan, horretarako beharrezkoak diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionalak ezar-tzea; udako opor sasoirako kontingentzia plana definitu eta langileekin adostea; ordutegi eta zerbitzuen informazioa herritarrei gardentasunez azaltzea; eta osasun langileak zaindu ditzala, lan-baldintza duinak bermatuz eta opor garaietako hu-tsuneak betetzeko beharrezko kontratazioak eginez.

EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten eskaera. EAJ/PNVkoak abstenitu egin ziren, bozkatu beharreko puntuekin “ez ados, ez kontra” zeudelako. Osakidetza mediku gabezia sufritzen ari dela esan zuen Janire Mitxelena jeltzaleen bozeramaileak, “gure inguruko osasun zerbitzu publikoetan bezala”. Madrilgo gobernua egin zuen arazoaren erantzule, MIR plaza gutxiegi eskaintzeagatik.

Gainera, erretiro, baimen eta bajengatik, 2024ko udan osasun langileen plazen %10 bete gabe daudela azaldu zuen, eta horren aurrean berrantolaketa neurriak hartu direla. Gabezia horri erantzun eta zerbitzua bermatzeko kolaborazio publiko-pribatua egoki ikusten dutela gaineratu zuen, “osasun sistema pribatuarekin akordioetara iritsita”. “Beharrezkoa ez den alarma” ez sor-tzeko eskatu zuen eta “interes partidistak” alde batera uztea.

Duintasuna taldekoek erantzun zuten ez direla alarma egoera “artifizial” batez ari, “gertatzen ari den egoera” bat dela. “Geroz eta jende gehiagok jo behar du osasun sistema pribatura, Osakidetzan hitzordurik ez dutelako lortzen. Eta ez dago horretarako eskubiderik”, amaitu zuten.

Bilkura berdinean lehen Mugikortasun Planari behin betiko onarpena eman zitzaion.