Appa hi! aplikazioa aurkeztu dute Azkoitiko Euskara zinegotzia Marijose Arregik, Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzailea den Aintzane Agirrebeñak, eta euskara irakaslea eta hitanoan aditua Xabier Eizagirrek. Izenak adierazten duen bezala hika hitz egiten ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa da, eta modu errazean toka eta noka praktikatzeko aukera ematen die euskaldun guztiei, baita hutsetik hasita ere.

35 eguneko epea

Tresna erabilterraza da, eta jolastuz ikasteko diseinatua dago. Aplikazioaren helburua da erabiltzailea 35 eguneko epean, hau da, bost astetan, hika egiten hasteko prest egotea. “Horretarako, egunero pilula batean informazio jakin bat ematen da, hikaren inguruko azalpenak: kasu batzuetan azalpen teorikoak, beste batzuetan aditz-taulak… egun bakoitzean tokatzen dena. Eta azalpen horiek bestelako edukiz laguntzen dira: marrazkiak, bideoak, audioak edo bestelakoak, adibideekin”.

Horri lotuta, galdera sorta bat dator eta erabiltzaileek galdera guztiei zuzen erantzunez gero, beste pilula bat aktibatuko da. Oker erantzunez gero, galderak berriz erantzuteko aukera emango du aplikazioak. Astearen amaieran errepaso bat egongo da, eta astean zehar landutako galderak erantzun beharko dira mailaz igo-tzeko. Appa Hi! aplikazioa doakoa da, eta Android zein iPhone gailuetarako egokituta dago.

Hitanoa Azkoitian

Badihardugu Euskara Elkarteak Hikagin egitasmoaren baitan, Euskal Herri mailako inkesta egin du hitanoa bizirik dagoen herrietan egoera zein den aztertzeko Itziar Sapsootham bitartez. Azkoitian, 305 lagunek erantzun dute inkesta eta, emaitzen arabera, inon baino gehiago erabiltzen da hitanoa. Euskal Herriko udalerri euskaldunetan inkesta bete dutenen %64k uste du hitanoaren egoera ona edo erdipurdikoa dela. Datu orokorrak kontuan hartuta, ordea, pertzepzio hori dutenak %44 bakarrik dira. “Azkoitian –dio Agirrebeñak– egoera nahiko ezberdina da, %95en ustetan hitanoa egoera onean (%40) edo erdipurdikoan (%55) dagoelako. Ez dago desagertzeko zorian edo desagertuta dagoen sentipenik”.

Hitanoaren egoera ondoen ikusten dutenak 20 urtetik beherakoak dira. Nokaren kasuan ere, egoera onean edo erdipurdikoan dagoela uste dutenak %54 dira, udalerri euskaldunetakoen bikoitza (%27). Gainera, %1ek bakarrik uste du noka galduta dagoela eta udalerri euskaldunetan, berriz, pertzepzio hori inkesta egiten dutenen %9k du”.