Sorginen akelarrearen ondoren piztu zen igandean sua eta festa Hernanin. Baina ez dira horiek San Joan egunaren bezperako ekitaldi esanguratsu bakarrak. Izan ere, bada duela 20 urte inguru berreskuratu zuten tradizio polit bat, udako solstizioaren ospakizunekin estuki lotuta dagoena: San Joan Kantaita. “Nekazal munduarekin zerikusia duen ohitura zahar bat da, emakumeak protagonista dituena. Neguan lo egon ondoren, biziberrituko den lurrak uzta oparoa eman dezan erregu-tzen zaio eguzkiari. Horretarako, emakume taldea txingarren inguruan biltzen da, eskutik helduta eta jantzi berezi batzuk soinean, eta kanta bat abesten dute arao baten modura. Oso une berezia sortzen da; bat batean Gudarien plazan isiltasuna da nagusi”, azaldu du Jon Oñate Hernaniko San Joan Konpartsako idazkariak.

2001. urtean berreskuratu zuten Urdiainen jatorria duen Kantaitaren usadioa Hernanin, San Joan Kopartsaren ekimenez, eta Oñatek argitutakoaren arabera, gaur egun beste hainbat herritan ere ospa-tzen dute: Errenterian, Pasaian, Tolosan, Galdakaon edo Altsasun, besteak beste

27an, desfilea

Gaurkoan, berriz, dianarekin ekingo diote San Joan egunaren ospakizunei. Arin-arin eta fandango dantza erakustaldiak eta haurren danborrada egongo dira, besteak beste. “Egun polita da benetan. Gure etxean elkartzeko ohitura dugu, familiarekin bazkaltzeko”, esan du Oñatek. 

Asteartean, Kuadrillen Eguna izango da eta hitzordu hori ere ez du galtzeko asmorik, batez ere, eguerdian plazan egiten den kuadrillen brindisa. Arratsaldean, Urbieta kalean egongo da giroa, Hernaniko San Joan Konpartsak urtero antolatzen duen kantaldiaren eskutik (eguraldi txarra egiten badu, emanaldia Atsegindegi plazan egingo da). 

"Urtero gai bat aukeratzen dugu eta aurtengoan Orbegozo fabrikari buruz egitea erabaki dugu. 27an egiten den desfilerako karroza eta jantziak prestatzeaz gainera, lilburuxka bat ere argitaratzen dugu. 1.000 ale ateratzen ditugu eta doan banatzen dira”

Jon Oñate - San Juan Konpartsako idazkari

Aurtengoan, Fermin Valencia eta Revuelta Anaiak arituko dira. “Ekimen honekin euskal giroa sortzea da gure helburua eta pozik gaude urtetik urtera gero eta jende gehiago erakartzen duelako, baita gazteak ere”. Gauean, berriz, erromeria egongo da Patxi Pérez eta Konpainiarekin.

Asteazkenean, ekainaren 26ean, Zetak taldearen kontzertua izango da gauean, eta hurrengo hitzordu garrantzitsua ostegunean iritsiko da, ekainaren 27an, San Joan Konpartsaren desfilearekin. 30 urte baino gehiago daramate hori antolatzen, ia San Juan Konpartsa sortu zenetik. “Hernaniko historia, tradizio, anekdota edota toki esanguratsuak ezagutzera ematea da gure helburua. Urtero gai bat aukeratzen dugu eta aurtengoan Orbegozo fabrikari buruz egitea erabaki dugu. 27an egiten den desfilerako karroza eta jantziak prestatzeaz gainera, lilburuxka bat ere argitaratzen dugu. 1.000 ale ateratzen ditugu eta doan banatzen dira”. Hernaniko sagardotegiak, Santa Barbara edo Zikuñaga ermitak, Biteri eskolak, herri kirolak, errugbia edota baserria izan dira azken 32 urteotan landutako gaietako batzuk. 

Azeria, soka eta maskuria 

Aipamen berezia merezi du hiru egunetan (ekainak 25, 26 eta 27an) eskaintzen den Azeri Dantzaren ikuskizunak. Hernanikoak ez direnek, akaso, dantza eta folkloreaz ari garela pentsatu dezakete, baina hori baino askoz gehiago da Azeri Dantza. Izan ere, hiru mende dituen dantza herrikoia da, musika, jolasa, txantxa eta mugimendua nahasten dituena. Baina, zertan datza? Azeriaren gidaritzapean, dantzariak sokarekin jendea harrapatzen saiatzen dira maskuriarekin kolpatzeko. Taldea zuzentzea eta publikoa engainatzea dira azeriaren betekizunak. Dan-tzariak, berriz, handik eta hemendik ibiltzen dira, herriko pasadizo ezkutuetatik sartuz eta jendea ezustean harrapatuz. 

Euskal kulturaren hauspoa

1990. urtean sortu zen Hernaniko San Joan Konpartsa Kultur Elkartea. Hasiera batean, herriko inauterietan bakarrik parte hartzen zuten, baina gerora San Joan jaietan ere inplikatzen hasi ziren. “Euskal kultura maite duen taldea” bezala definitzen dute euren burua eta asko dira jaiez aparte antolatzen dituzten ekitaldiak: dantzari egunak, erromeriak edota euskal dantzako ikastaroak

Pepi Arrospidek, Jon Oñateren emazteak, funtsezko papera bete-tzen du elkartean, lehendakari izateaz gainera, euskal dantzako irakasle lanak egiten dituelako. Alaba Libek ere amaren urratsak jarraitu ditu, Jon etxeko ardi beltz bilakatuz, “ez baitakit dantza egiten”. 

Senar-emazteak izanik, elkarteko idazkari eta lehendakariaren arteko harremana zer nolakoa den galdetu diogu Oñateri:“Egia esatea nahi baduzu, tirabira bat edo beste izaten dugu, batez ere, zer antolatu eta nola egin erabaki behar dugunean”, aitortu du irribarrez.