Asteburuan euriak Andoaingo San Joan jaien ekitaldiak zertxobait ilundu ostean, asteklehen honetan bere egun handia bizi izan du, ostarteak nagusi izan direla.

Munduko jakiak, Goikoplazan.

Mundo osoko janari dastaketa

Goiz eta arratsaldez, Goikoplazan artisau eta janari azoka egon da eta jende ugari ibili da postuetan. Gainera, azokaren barnean, Munduko zaporeak mahaia ere ipini dituzte atzerritar jatorriko andoaindarrek beren lurraldeetako pintxoak eskaini dituztelarik. Herritar ugari gerturatu dira jakiak dastatzera eta errezetak galdetzera.

Artisau eta janari azokako postu bat.

Goikoplazan ere, goiz eta arratsaldez tapizak egiteko tailerra antolatu dira. Egindako piezak artisau azokara hurbildu direnean artean oparitu dira.

San Joan eguna izanik, ez da herritarren Azeri-dantza falta. Bere jantzi gorriekin dozenaka andoaindar gaztek Goikoplaza dantzekin alaitu dute.

Arratsaldean, herri kirolak, bertsoak, dronen ikuskizuna eta zezen-suzkoa izan dira.

Festen amaiera

Asteartean amaituko dira sanjoanak besteak beste agintariek laurogei urteko andoaindarrei egingo dieten harrerarekin, haurren danborradarekin eta Puro Relajo taldearen kontzertuarekin. Scura taldearen CavalTHEOS izeneko kalejira piroteknikoa izango da azken ekitaldia.

Kalejira Juanita Alkain kaletik irtengo da eta Goikoplazan amaituko da. Parte hartu nahi dutenei arropa bakeroa eta buruko estalkia eramatea gomendatzen zaie.

Gainera, kalejira igaro behar den kaleetako saltokiei toldoak biltzeko eta leiho eta erakusleihoak paperarekin edo kartoiarekin babesteko eskatu diete.