Zumarragako haurren eta nerabeen kontseiluak bigarren osoko bilkura egin du. Bertan, egindako lanaren balan-tzea egin dute eta etorkizuneko ekintzak planifikatu dituzte. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Nerea Errasti (PSE-EE), Arantxa Gonzalez (PSE-EE) eta Ainhoa Osinalde (EH Bildu) zinegotziek parte hartu dute. Guztiek ekimenaren garrantzia azpimarratu dute eta kontseiluaren lan ona txalotu dute.

Alkateak eta Errastik eman zieten hasiera saioari. Eskerrak eman zizkien kontseiluko kideei, ikasturtean zehar egindako lanagatik.

Horretaz gain, osoko bilkuraren garrantzia azpimarratu zuten, kontseiluaren proposamenak baloratzeko eta aintzat hartzeko gunea baita. “2023ko urtarrilean eratu zenetik, kontseiluak lan handia egin du haur eta nerabeen plana egiteko. 2023ko uztailean, Zumarragako Udalak Haurren eta Nerabeen Hiri Laguna zigilua eskatu zuen eta Unicef-ek udalerria hautagai gisa onartu zuen. 2023-2024 ikasturtean, berriz, kontseiluak hainbat bilera eta lan saio egin ditu”, esan zuten Serranok eta Errastik.

Aurreko asteburuan joko erraldoia egin dute herriko kaleetan. 60 lagun inguruk parte hartu dute eta herriko kale batzuk itxi egin dira haurrek askatasunez jolasteko aukera izan dezaten. Aurrera begira, Zumarragako Haur eta Nerabeen Astea antolatuko dute, besteak beste.

Logo lehiaketa

Osoko bilkuran datorren hilabeteetan egingo diren hainbat ekintzen berri ere eman zen. Logo lehiaketa bat egingo da. 9 eta 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Deialdia datorren ikasturte hasieran irekiko da eta irabazlearen izena azaroaren 20an emango da ezagutzera.

Adinekoentzako eta gazteentzako ekitaldiak ere antolatuko dira. Elkarrekin kozinatuko dute herriko elkarte gastronomiko batean eta gazteek teknologia berriei buruzko ikastaroa emango diete adinekoei.