Urola Erdiko trikitiaren historia ikertu dute Azpeitian
Errautsak hauspotzen izenpean, orain dela urte batzuk Urola Erdiko trikitia balorean jartzeko proiektua jarri zuten martxan Trikigirok eta Kulturaz Kooperatibak . Joan den mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetako trikitilariei buruzko informazioa biltzen aritu dira azken urteetan eta lan guzti horren lehen emaitza ostegun gauean plazaratu zuten Soreasu Antzokianburutu zen ekitaldian. Bide horretan Azpeitiko eta Azkoitiko udalen, Euskal Herriko Trikitixa elkartearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualdeko beste erakunde batzuen laguntza izan dute.
Ekitaldia trikitilari kalejira batekin hasi zen. 19.30ean bildu ziren Azpeitiko plazan, alde zaharra girotuz Soreasu antzokira joan aurretik. Han, dozenaka lagun zituzten zain, Errautsak hauspotzen egitasmoaren berri jasotzeko. Ibon Errazu eta Haritz Garmendia Trikigiroko kideek hartu zuten hitza, aurkeztu behar zuten liburua eta bideo argitaratzeko egin den lana azaltzeko.
Ondoren, 60ko eta 70eko hamarkadetako Urola Erdiko trikitixaren munduko protagonistei egindako elkarrizketen grabazioaren bideoaren laburpena ikusi ahal izan zuten, orain aste batzuk Azkoitiko Baztartxo antzokian TrikitiEgunan egin zen bezala. Bideoak ordu eta erdiko iraupena du, eta elkarrizketatutako guztiak agerpen txiki bat dute bertan.
Hiru faseko proiektua
Trikigirok eta Kulturaz Kooperatibak abian jarri duten Errautsak hauspotzen proiektuak hiru fase ditu. Lehenengoan, aurreko mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetako trikitiaren munduari modu batean edo bestean lotuta egon diren 77 pertsona elkarrizketatu dituzte.
Elkarrizketa bakoi-tzaren grabazioak 10 eta 15 minutu arteko iraupena du, eta, horren ondorioz, 12 orduko datu-base edo bideografia bat sortu da 58 bideo-grabaziotan, 60ko eta 70eko hamarkadetako trikitilarien eta trikitia munduan aritu zirenen ikuspuntuak eta esperien-tziak bilduz. “Bideoak Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen Trikipediara igoko dira. Urola Erdiko trikitixaren historia ezagutu nahi duenaren eskuetan jarriko da eta oso tresna baliagarria izango da gai honetan sakondu nahi duenarentzat, zalantzarik gabe”, azaldu zuten Trikigiroko kideek.
Ostegunean Soreasu Antzokian aurkeztu zen liburuak lotura zuzena du bideografiarekin. 300 ale editatu dira eta bertan azaltzen dira nortzuk diren elkarrizketatuak eta elkarrizketen zergatien arrazoiak. “Prisma ezberdinetatik jorratu nahi izan dugu gaia. Dantzariak, erromeria antolatzaileak, kultur ekintzaileak, kazetariak, folklorean adituak eta trikitilariak (panderojoleak, soinujolea, gizonezkoak, emakumezkoak…) elkarrizketatu ditugu. Azken finean lan honen helburua Urola Erdiko trikitiaren ikuspegi zabal bat eskaintzea da.”
60ko eta 70eko hamarkadetako trikitilarien belaunaldiaren eta gaur egungo trikitilari gazteen arteko zubia izan nahi du Errautsak hauspotzen. Era berean, lan honekin balioa eman nahi zaio 60ko hamarkadan eta ondorengo urteetan euskal gizartea bizitzen ari zen aldaketei garai hartako trikitilariek aurre egiteko izan zuten gaitasunari. “Euskal Herriak 60ko hamarkadan bizi izan zuen industrializazio prozesuak markatu zuen bere ibilbidea. Hala eta guztiz ere, gai izan ziren egoera berrira egokitzeko, trikitia gaur egun arte mantentzeko oinarriak jarriz.
70eko hamarkada
Ez hori bakarrik, bere garapenean lagundu zuten ere, datuek erakusten duten bezala. 70eko hamarkadako lehen trikitilari topaketan 40 trikitilarik hartu zuten parte, eta gaur 3.000 eta 4.000 ikasle artean izango dira trikitixa jotzen ikasten ari diren gazteak. Trikitia osasuntsu dago gure bailaran. Gaur egun egunerokotasunean errotuta dago. Aisialdian, lagun arteko afarietan, gozamenerako eta ondo pasatzeko uneetan du presentzia trikitiak”
Bideografia eta liburuaren aurkezpenarekin itxi da Errautsak hauspotzenen lehenengo fasea. Errazuketa Garmendiak azaldu zutenez, bigarrenean liburuak argitaratuko dira bideografiako elkarrizketetako azalpenak eta pasadizoak ardatz hartuta eta dokumental bat egingo da hirugarrenean.