Uztapide eta Xalbador bertsolarien oroimenez Zestoa eta Urepele arteko senidetzearen ekimenak paper garrantzitsua izango du du ekainean zehar Zestoan.
Hamaika ekitaldi prestatu dituzte, besteak beste, bertso jaialdia, musika eta kirol ekitaldiak, eta bi herrietako artisauen eta ekoizleen lanak miresteko azokak antolatu dira bertako bizilagunen eta kanpotik etorriko diren bisitarien gozamenerako.
Programa
Agendari hasiera emango zaio larunbat honetan Gai ziren eta gai gara izenburua duen bertso jaialdi batekin. 17.30ean hasiko da Zestoako kiroldegian eta Maialen Lujanbio, Saioa Alkaiza, Alaia Martin, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal eta Aroa Arrizubieta bertsolariak izango dira saioaren protagonistak. Bertso jaiadiaren ardatza 1967ko Bertsolari Txapelketako finala izango da, bertsolaritza historian izan den gatazkatsuena.
Manuel Olaizola, Uztapide, eta Fernando Aire, Xalbador, sailkatu ziren finalerako. Epaileen hautaketa ez zen izan Atano III.a frontoia (garai hartan, Anoeta frontoia bezala ezagutzen zena) betetzen zuen publikoaren zati handi baten gustokoa, eta txistuz eta oihuz jaso zuen Xalbador finalista bezala izendatzea. Dirudienez, publikoaren haserrearen arrazoien artean Iparraldeko bertsolariaren hizkera eta esaerak ulertzeko zailtasunak zeuden.
Jakina da Uztapidek jaso zuela txapela egun hartan, baina baita ere zelan eman zion buelta egoerari Xalbadorrek, kontra zuen publikoa bereganatuz. Urepeleko artzainak hasierako txistuak eta oihuak txaloak bihurtu zituen, bertsolaritzaren historiara pasa den ikusleei eskaini zien azken agurrarekin: “Anai-arrebak, ez, otoi, pentsa neure gustora nagonik, poz geiago izango nuen albotik bea egonik. Zuek ezpazerate kontentu errua ez daukat, ez, nik; txistuak jo dituzute, bainan maite zaituztet orainik”.
Senidetze egitarauaren ekitaldi nagusia datorren ekainaren 15ean burutuko da Zestoan ospatuko den Urepele Egunarekin. Egitaraua 08.00etan hasiko da, Zestoako XXII. Ibilaldi Neurtutako parte-hartzaileen irteerarekin. Probaren irteera-puntua Zestoako plaza izango da eta, hortik aurrera, mendizaleek 15 kilometroko ibilbidea izango dute udalerriko tontor esanguratsuenetatik.
Ibilbidea
Mendizaleek ibilbidea betetzen duten bitartean, txistulariek diana bat burutuko dute 10.00etatik aurrera goizeko lehen orduak animatzeko. Urepeleko Egunaren ospakizunek 11.00etan jarraituko dute, Zestoara ekainaren 15ean etorriko diren Urepeleko agintariei eta herritarrei egingo zaien harrera ekitaldiarekin. Ordu berean, 11.00etan, Urepeleko eta Zestoako ekoizle eta artisauek egindako produktuak miresteko eta erosteko azoka berezia martxan jarriko da.
Klika txarangak alaituko du ere ekainaren 15eko goiza, hirigunean egingo duen ibilbide batekin. Kalejiraren ostean bazkari herrikoia egingo dute Urepele eta Zestoako bizilagunek 14.30etatik aurrera. Topaketa honetan bertsolariek parte hartuko dute eta bazkalostean euskal abesti herrikoiak kantatzeko aukera izango da herriko plazan. Bazkariaren prezioa 15 eurokoa da eta bertara joan nahi dutenek Portale tabernan erosi ahal izango dituzte txartelak. Egunaren amaiera 18.00etan helduko da, Urepeleko bizilagunei egingo zaien agur ekitaldiarekin, etxerako bideari ekin aurretik.
Liburua eta mendia
Zestoa eta Urepeleren arteko senidetze eguneko ekitaldiek ekainaren 19an jarraituko dute, Zestoan egingo den Uztapide eta Xalbador. Bi adiskide mugaz gaindi liburuaren aurkezpenarekin. Pako Aristik bi bertsolarien bizitza ardatz duen liburua ekainaren 5ean aurkeztuko du Donostian. Aurkezpen honen ondoren, Urrestillako idazlea Zestoara hurbilduko da liburua aurkeztera mahai-ingurua batean, Xabier Amuriza eta Jon Artanorekin batera. Mahai-ingurua Kultur Etxean izango da, 19.00etatik aurrera.
Bestalde, Agiro Mendi Elkartea Zestoa eta Urepele lotzeko egiten ari den etapakako ibilbideak lekua izango du ere ekaineko programazioan, etapa berri batekin. Mendi taldeak egin zuen lehen etapak Andoain eta Goizueta arteko ibilbidea osatzeko balio izan zuen. Aste batzuk geroago, Zestoako mendizaleek Goizueta eta Labaien arteko zatia egin zuten eta, ekainaren 29an, Labaienetik Belateraino eramango dituen zatia burutzeko asmoa dago. Martxaparte hartuko duten mendizaleek Gurutzen izango dute hitzordua ekainaren 29an 07.30ean, bertatik hirugarren etapako irteera-puntura joateko. Etapa guztiak amaitu ondoren, ekimenean zehar jasotako materiala digitalizatu egingo da, beste mendizaleei ibilbide bera egiteko aukera eskaintzeko. Datozen hilabeteetan falta diren etapak gehituko zaizkio landuko den digitalizazioari, Zestoatik Andoainera mendizaleak eramango dituena barne, oraindik egiteke dagoena.
Ekaineko ekitaldi guzti hauek beste erreferentzia puntu bat izango dute hurrengo azaroan, Urepelen ospatuko den Zestoa Egunarekin.