Nola sortu zen ‘Tere batelera’ ipuina idaztearen ideia? 

Ideia gaur egun Batelera taldea osatzen duten emakumeek proposatu zidaten. Pentsatu zuten lan batean jaso behar zela batelerak zein ziren haurrei azaltzeko eta ipuin bat egitea aproposa zela pentsatu zuten. Nork egingo zuen bilatzen hasi ziren eta nirekin jarri ziren harremanetan. Proiektu txikiagoa zela pentsatu nuen, baina sei hilabeteko lana izan da. 

Ipuin ilustratua da eta marrazkiek pisu handia dute ere.

Ainhoa Aizpuruari ipuinaren lana azaldu nion eta berak ilustrazioaz arduratzea onartu zuen. Biok lanean hasi ginen. Gainera gure grado amaierako lanak eta ikerketa ipuinaren ildo beretik doaz. Azkenean bion lana oso ondo uztartu dugu. Produktu oso bat lortu dugu. 

Orduan, zuen ikasketen ikerketa hori baliatu duzue ipuina idazteko.

Guk behin eta berriz esaten dugu ipuin honek ikerketa bat duela atzean, eta hola da. Baditu gezurretazkoak diren gauzak, asmatutakoak, istorioaren trama eta pertsonaia guztiak asmatutakoak dira. Baina aldi berean egitik asko dauka ere. Adibidez, batelerek arraunean nola egiten zuten, estropadak egiten zirela, beraien jazkera, Pasaia duela ehun urte nolakoa zen aipatzen dira. Baina haurrentzako ipuin bat denez, historiako osagai batzuk ez genituela errespetatuko erabaki genuen. 

Nork ziren batelerak? 

Batelerak batelari batzuk ziren, baina Pasaiakoak. Beraiek lan oso estrategikoa egiten zuten badian. Gainera, Pasaiako badia garai horretan Espainiar Estatuko arrantza portu garrantzitsuenetariko bat zen. Azkenean, beraiek zeukaten lanbide baten monopolioa, zela garraioa. Berez, lana sinplea dirudi, baina herri batean non badia dagoen erdian beharrezkoa zen norbaitek gauzak garraiatzea. Garraiatzen zituzten armak, karea, teilak, harriak, egurra, pertsonak... denetik. Gainera, ez zeuden orain bezala ontziralekuak. Atoian ere egiten zuten, gaur egun Facal 18 remolkadoreak egiten duen lana. Hori ipuinean ikusten da, ontzi bat hartu eta badiatik gidatzen zuten. Orduan bi emakumek arrauna egin behar sei edo zortzik egiten zuten.

Emakumeek lana egiten zuten, gizonezkoak Ternuan arrantzan ibiltzen zirelako.

Garai hartan, gizonak sei hilabetez joaten ziren arrantzara, baina uste okerra da pentsatzea emakumeek lana egiten zutela gizonezkoak ez zeudelako. Emakumeak beti ibili dira lanean, gainera gizonezkoen lana plus bat zen familiarentzako. Emakumeak ziren saregileak, kargaketariak, batelerak... Lan horri esker kostaldeko herriak mantendu eta bizirauten zuten. Gizonezkoek ekartzen zuten dirua extra bat zen, oso ondo zetorkiona familiari, baina plus bat zen, sei hilabetetik behin ekartzen zutelako.

Batelerak Pasaiako bereizgarri bat ziren. 

Orereta, Lezo, Pasai Donibane eta Pasai San Pedroko emakumeak ziren lan horietan aritzen zirenak. Dokumentazio gutxi eta ikerketa gutxi dago beraien inguruan, horietatik asko dira nobleek idatzitako gutunetatik ateratako datuak. Horien artean, Madame d’Aulnoy kondesak ( 1679an) idatzi zuen emakume hauek Errepublika independiente bat osatzen zutela, lanean aritzen zirela oso gaztetatik zaharrak izan arte eta ama-alabak zirela asko. Gainera, lana kantuan, euskaraz eta oihuka eta desparpajo handiarekin egiten zutela aipatu zuen.

Batzuk deritzote matriarkatua badian sortu zela. 

Nik ez dakit hori ziurtatzen, baina niri gustatzen zait pentsatzea baietz.

Aste honetan ipuinaren bi aurkezpen egin dituzu Pasaiako ludoteketan eta hirugarren bat asteartean izango da. Nola joan dira?

Ondo joan dira. Ipuin bat hamar urteko gaztetxoentzat pisutsua izan daiteke, baina nik uste nuena baino hobeto joan dira. Badaude batzuk arreta mantentzen dutenak eta interesatzen zaiena. Hau spoiler bat da, baina ipuinean estropada bat kontatzen da eta nik ez diet esaten nork irabazi duen. Orduan jakin nahian uzten ditut. Bukaeran hamar galderetako galdetegi bat egiten diet zer ikasi duten ipuinarekin jakiteko. Horrek funtzionatzen du, oso parte-hartzaileak dira eta saiatzen dira ahalik eta hobekien erantzuten. Bukaerako parte hori oso polita izaten da. Orain ikastoletan aurkezpenak egiteko lanean gabiltza.

Batelerak XVII. mendetik XX. mende hasierara ibili ziren eta pisu handia izan zuten badian, baina gaur galdutako ogibide bat da. Memoria historikoa belaunaldi gazteei transmitzea garrantzitsua da? 

Pozik nago belaunaldi gazteak jakiten badute behintzat batelerak zeintzuk ziren. Gaur egun Pasai Donibanen egiten dugun jaia ere azaltzen diet, gaur egun ohitura mantentzen dugulako. Estropadetan memoria historikoa jasotzeko ere gogoratzen da bateleren figura.

Bateleren memoria bizirik irauten du Pasai Donibanen, modu folklorikoago batean bada ere. 

Bateleren eguna San Inazio egunean ospatzen dugu, uztailaren 31n. Donibaneko festetako azken eguna da. Desfile bat egiten dugu, estropada egiten dugu eta Zortzikoa dantzatzen dugu.