Euskal Jaiak ospatuko dituzte Getariarrek ostegun honetatik aurrera. Festak bi egun iraungo ditu eta herria guztiz festa giroan murgilduta egongo da. Horretarako udalak bi egunetarako programa osatu du.

Hamaika ekitaldi

Gauzak horrela, lehenengo ekimena ostiralean egingo da, arratsaldeko 18.30etik aurrera. 13.30ean, herriko frontoian, Getariako haurren dantza-emanaldia egongo da. Hori amaitu eta gero, Dantza Herri izeneko dantza-ikuskizuna eskainiko dute Gure Txerukoek, helduen dantza-taldea. Dantzariez gain, musikariak ere egongo dira bertan; Pepita Enbil Musika Eskolakoak, Getariako Musika Bandakoak eta Gazte Alaiak Txistulariak, hain zuzen ere.

Larunbatean izango da Euskal Jai eguna eta goiz-goizetik Diana egongo da. 9.00etan abiatuko dira Gazte Alaiak taldeko txistulariak Getariako kaleak alaitzeko asmoarekin. 10.00etan, Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleak egongo dira.

Festa eta dantza Euskal Jaietan

Ordu eta erdi beranduago, Musika Eskolako trikitilari haurrak, alde zaharrean hasita, kalez kale ibiliko dira jotzen, plazan amaitu arte. 12.30ean, plazatik hasita, Arrai Zopa kantu-taldearekin kantari ibiliko dira kalez kale.

Arratsaldean, 18.30etik aurrera, dantzaldia egongo da plazan, Jaiki Hadi muxiko-taldearekin. Hori egiten duten bitartean, mikrofono irekia egongo da irrintziak botatzeko eta, gainera, irrintzi onenak saria izango du. Bukatzean, Larrain Dantza taldearen txanda izango da.

Erromeria, agur esateko

Getariako Euskal Jai egunarekin amaitzeko, erromeria egongo da plazan Trikiteens taldearen eskutik, 22.30etik aurrera.