Urnietak Gazte Festak ospatuko ditu asteburu honetan, ostiraletik igandera gozatuko dute festaz gazteek. Jai Batzordeak jardueraz beteriko programa aberats bat osatu du.

Txupinazoa

Aurten Adarra judo kluba arduratuko da txupinazoa botatzeaz. Ohi bezala 19.30ean izango da udaletxeko balkoitik. Baina aurretik egongo da zer gozatuaz. Izan ere, 16.30ean zezen mekanikoa Plazido Muxika plazan egongo da eta leku beretik irtengo da buruhandi eta erraldoien kalejira 18.30ean.

Urnietako Udaletxea

Ordu erdi beranduago Kantazaunen kantujirari hasiera emango zaio Etxeberri plazan. Txupinazoaren ostean, 20.00etatik aurrera, 80s-90s Party DJ Flowingekin Etxeberri plazan izango da auzokideek antolatuta. Ondoren, Poxta Zaharren eskutik afari tematikoa ospatuko da Jakutegi plazan eta amaitzeko kontzertuak egongo dira San Joan plazan: Hamarretan Makulu, Bengo eta Lappa.

Larunbat goizean Egape dantza taldeak Urnieta dantzan jaialdia antolatu du. Emanaldi nagusia 12.30ean eskainiko du Egape ikastolako futbol zelaian. Eguerdian, Poxta Zaharrek antolaturiko sagardo dastaketa izango da eta ostean, herri bazkaria ospatuko da San Joan plazan. Arratsaldean, kale antzerkiaz eta Incansables txarangaz gozatzeko aukera izango da. 19.00etan, berriz, erromeria hasiko da Lisker taldearekin San Joan plazan. Gauean DJ Albabarruna musikaz arduratu da San Joan plazan.

Igandeari dagokionean, kotxeen slaloma izango da eguneko hitzordu nagusietako bat. Ume eta gazteentzat kontzertu pedagogikoa, Bizijolas tailer eta jolasak eta Antzara joko erraldoia izango dira. Horretaz gain, Kontzejupean pilota finalak jokatuko dira eta Txanbolinek San Joan plazan musika eta dantza emanaldia eskainiko du. 18.00etan bi ekintza izango dira: erraldoi eta buruhandien kalejira San Joan plazatik abiatuta eta erremonte jaialdia udal pilotalekuan.

Bertan Loitegi eta Ansa II urnietarrak zuzenean ikusteko aukera izango da. 18.30etik 20.30 bitartean DJon diskofesta San Joan plazan arituko da eta ondoren, jaiei agur esateko unea iritsiko da.

Erasorik gabeko festak

Udaletik jai parekide eta berdinzaleen aldeko aldarria egin dute eta eraso matxistek zein arrazistek lekurik ez dutela argi eta garbi esaten duten kartelak ipiniko ditu.

Kale mozketa

Idiazabal kalea larunbatean 10.00etatik 22.00etara trafikora itxita egongo da. Bi autobus geltoki egongo dira: San Juan 42n eta Ermotegi biribilgunean.