Zumaiako Herri Eskolako Batxilergoko lehen mailako ikasle batzuk disko bat grabatu dute Zarautzen, Mikel Kazalisen estudioan. Lan hau, musika ikasgaiean gauzatzen ari diren proiektuaren parte da eta ikasle bakoitzak kantu bat konposatu du diskoan sartzeko.

Aurreko astean egon ziren grabaketa lanak egiten eta Batxilergoko lehen mailako musika ikasleez gain, beste maila batzuetako ikasleen eta ikasle ohien laguntza jaso zuten grabaketa osorik egin ahal izateko. Diskoa sei kantuz osatuta egongo da eta taldeari Merescut izena jarri diote.

Pello Gorrotxategi da ikasle hauen musika irakaslea. Zortzi urte darama klaseak ematen Zumaian eta ikasleekin jada kaleratzen duen “laugarren edo bosgarren diskoa dela uste dut, Zumaian. Beste ikastetxetan ere egin dut lan eta esango nuke, kontatu gabe, guztira 15 disko grabatu ditugula. Urte askotan Baztanen grabatu ditugu diskoak, afizionatu gisa, hor lagun bat nuen eta. Pandemiaren ostean estudioa utzi egin zuen. Pixkat umezurtz gelditu ginen eta galdetzen jarri nintzen non grabatu genezakeen hurrengo diskoa. Azkenean Mikel Kazalisekin kontaktatu nuen, berari ere ideia gustatu zitzaion eta oraingoa berarekin grabatzen dugun bigarren diskoa da”.

“Gure helburu nagusia ikasleek esperientzia hau bizitzea da. Hau ez da disko profesional bat. Akatsak daude, noski. Kontutan hartu behar da sei kantu grabatu ditugula egun eta erdian. Mikelek hori badaki eta oso ongi eramaten ditu ikasleak, ba- tzutan urduri jartzen dira eta. Inpresioa ematen die ikasleei kaskoak jarri eta grabatzen aritzeak. Askotan grabatutako lehendabiziko toma gelditzen da diskoan”, adierazi du Gorrotxategik.

Diskoa datorren astean iritsiko da beraien eskuetara eta irakasleek, ikasleek eta familiakoek eskuratu ahal izango dute, “ez da disko bat gero merkaturatuko dena. Ez du jarraipenik izango, eskolako proiektu bat da eta. Helburua musika sortzea da eta ikasgaia horretara bideratzen dugu; sormenera.Ikasle bakoitzaren kurtso bukaerako lana da abesti bat sortzea. Melodia bat da eskatzen zaiena. Ondoren, moldaketak egiten ditut eta bigarren pausoa grabatzea da”.

Azkenik, hau bukatzen denean “beti animatzen ditut musikarekin jarraitzeko, ea beraien artean elkar- tzen diren eta taldetxoren bat sor- tzen duten. Azken finean, giro musikal bat sortzea. Hori oso polita izango zen”.