Tolosa – Tolosako EAJk kezka azaldu zuen aste hasieran ospatu zen apirileko osoko bilkuran, udal jabetzako etxebizitza eta aparkaleku hutsen kopurua gero eta handiagoa zela argudiatuta. Arazoari irtenbidea emateko eskatu zion udal gobernuari, inolako justifikaziorik gabe atzeratzen ari direla azalduz. Batetik, Euskal Herria plazako gazteentzako alokairurako 25 apartamentuetatik, 13 hutsik eta erabilerarik gabe zeudela esan zuten EAJ-PNVko kideek. “Batzuk, gainera, urtebete bano gehiago daramate hutsik, eta 68 gaztez osatutako itxarote-zerrenda ez da mugitu ere egin azken bederatzi hilabeteetan”, azaldu zuten bilkuran jeltzaleek. Ondorioz, EAJk udal gobernuari eskatu zion beharrezko kudeaketak egin zitzala, aipatutako pisu horiek berehala gazteei eskaintzeko.
2021ean esleitu ziren pisuak zozketa bidez, eta hiru urterako direnez, 2024ko ekainean amaituko da horietan egoteko epea. “Data gerturatu ahala bajak izan dira, baina badira bestelako egoerak ere. Hortaz, bakoitzaren kudeaketa ezberdina izan da”, erantzun du EH Bilduko udal gobernuak. Baja eskaera gehienak, zazpi, abendutik hona egin direla esan du EH Bilduk.