2002an ekin zion bere ibilbideari Doke Antzerki Taldeak (DAT). Hogei urte baina gehiago igaro dira arte eszenikoei Arrasaten leku bat ematea helburu zuen lehen urrats hartatik, eta euskaraz egin zuten gainera. Orain, urte guzti hauetan emandako pauso guztiak “barnetik idatzita dagoen” liburua jaso dituzte. Datorren asteazkenean Amaia antzokian egingo den ekitaldian ale bana oparituko diete herritarrei (19.00etan hasita).

“Islatu nahi izan dugu, hurrengo belaunaldiek jakin dezaten, hasieratik antzerki talde iraunkor bat egitea izan zela asmoa; izan ere, lehenago ere baziren herrian antzerki-esperientzia batzuk, baina gurea izan da talde iraunkor moduan lehenengoa, eta, orain arte, bakarra. Liburuaren bidez, testigantza bat utzi nahi izan dugu, baina honekin ez dugu adierazi nahi taldearen amaiera denik, jarraitzeko asmoa dugu eta. Erronka txiki baten gisa abiatu zena, errealitate bizi eta konprometitua bilakatu da. Gaur egun DAT ez da amets bat, baizik eta lanean sostengatzen den erakin bat”, azpimarratu du liburuaren egile eta taldeko kide den Josemari Velez de Mendizabal idazleak.

“XVIII. mendean Aramaion jaio eta Arrasaten bizi zen Pedro Ignazio Barrutiak idatzi zuen penintsulako Euskal Herriko lehen euskal lana, Actto para la Noche Buena izenekoa; lan hori Arrasatek euskal antzerkiari eskainitako ekarpenik sendoena izan da, eta guk ere aitortza hori egin nahi izan genion, 2006an obra taularatuta”, gogoratu du idazleak.

Goikobalu abesbatzaren hamabosgarren urteurreneko ospakizunen ai-tzakiarekin, Eskuak elkarri ikuskizunak Dokeren hazia erein zuen. Ondorengo urteetan oholtza gainera eraman dituzten gainerako antzezlanak sortu zituzten: Actto para la Noche Buena; Iragana Iragan; Paradisuko atean; Galderak; Aingeru ala kurriloi?; Hamaika amaren seme (alaba); eta Hemen ez du inork ordaintzen.

Dokek bere ibilbidea egin du, baina etorkizunari ere begiratzen dio. “Ez da txikia izan lorpena, ezta gainditu behar izan duguna ere. Horregatik arrakastaren sentsazioa gozoagoa da”, aipatu du DATen lehendakari den Mariasun Pagoagak. Duela urte batzuk sortu zuten antzerki eskolan ere jartzen du arreta Pagoagak, “gure etorkizuna hori baita”.

Taldea aurrera doa. Herritarrak arte eszenikoetan trebatzen jarrai-tzeko helburuarekin, bereziki, haurrak eta gazteak. Eskaria gero eta handiagoa da; hala ere, aldarrikatzen duten bezala, “espazioa eta baliabideak behar dituzte, batez ere, nora iritsi nahi dugun kontuan hartuta”. Taldeak udal antzerki eskola bat sortu nahiko luke.

Liburuaren banaketa

Hilaren 22an egingo den ekitaldiak urte hauetan taldean ibili direnei eskerrak emateko balioko du (antzezleak, zuzendariak, teknikariak, musikariak…). Aipatutako liburua ere banatuko dute; bertan, Velez de Mendizabalek ida-tzitako testuarekin batera, QR bat dago, ikuskizunen bideo eta argazkietarako sarbidea ematen duena.