Pasaian euskara sustatzen dabiltzan eragileak Bokale elkarguneko hirugarren topaketan elkartuko urriaren 23an Pasai Donibaneko kulturgunean 18.30etik aurrera. Bokale herriko eragileen eta Udalaren elkarlanerako gunea da.
Ekitaldian, Bokaleren baitan azken urtean aurrera eraman diren egitasmoen errepasoa egiteaz gain, Taupa euskaltzaleen mugimenduko kideak izango dira. Haiek azalduko dute euskararen erabileraren aldeko herritarren aktibazioa zer den eta zergatik den hain garrantzitsua. Halaber, euskararen sustapenean nabarmendu diren pasaitarrei saria emango zaie.
Azkenik, Aleka antzerki taldeak Topaketa honetarako berariaz prestatutako emanaldia eskainiko du, eta mokadutxoarekin amaituko dute ekitaldia.
Gonbidapena
Topaketa norbanako nahiz eragile euskaltzaleei bideratua dago. Hau da, Pasaiako Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragileei, barrutietako euskaltzale batzordeetan dabiltzan norbanakoei eta Pasaian euskararen alde egiten ari denaren berri izan nahi duten norbanakoei edo eragileei.
Saiora bertaratu nahi dutenek euskara@pasaia.net helbidera idatzi beharko dute.
Pasaitar euskaltzale guztiak topaketan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte Bokalek eta Udalak.