Urtero bezala, Ilar Eguna bueltan da Astigarragan. Egun berezi horretako ekintzak Foru Plazan izango dira larunbat goizean, 10.30etik 14.00etara. Hauen artean garrantzitsuena ilarren azoka berezia izango da. Euskal Herriko produktuak eta baserrietan ekoizten diren beste barazki batzuk erosteko aukera ere egongo da. Gainera, herriko baserrietako abere ezberdinen erakusketa egongo da.

Lurraldiaren ekintzetako antolatzaileen ordezkariak eta alkatea, aurkezpenean. | ARGAZKIA: N.G.

Bestalde, pintxo dastaketa bat antolatu da Fede Pacha sukaldariaren laguntzarekin, nola ez sagardoarekin lagundurik.

Egitaraua osatzeko, Hazierako, Cristina Enea Fundazioko Hazien Artxiboko, arduradunak, Marc Badalek, Hazia eta landarea tailerra eskainiko du. Amaitzeko, tomate landareen banaketa egingo da landareak bukatu arte.

Produktuen dastaketa

Baratze elkarteko Periko Garmendiak eta Juantxo Zuaznabarrek gogorazi zutenez, garai batean Astigarragako baserriek Donostia ilarrez hornitzen zuten, baina baserriak gutxitzen joan ziren.

“Duela hamar edo hamabi urte ilarra berreskuratu behar genuela pentsatu zen eta Ilarraren Eguna antolatzen hasi ginen”, esan zuten.

Beraientzat oso garrantzitsua da haurrekin egindako dastaketak eta sentsibilizazio kanpainak, ilarra bezalako garaiko eta gertuko produktuen alde.

Hazien bankuari esker, erakustaldi horietan ilarren hamaika barietate erakutsi ditzakete, baina Astigarragak bi barietate lantzen ditu: hamaika alekoa Maravilla izenekoa eta Príncipe Alberto izenekoa.

Ilarra, garestitua

Garmendia eta Zuaznabar ez datoz bat ilarra garestia denaren gogoetarekin: “Jendeak ez daki zenbat lan dagoen ilarraren atzean. Leka kilo batetik 300 gramo ilar lortzen dira. Gainera, aurtengo uzta txarra izan da eguraldiak lagundu ez duelako. Gauza horiek kontutan hartzen baditugu porrua garestiagoa da”.

Ilarraren Eguna Lurraldiaren ekimenaren baitan antolatzen da. Duela hiru urte, 2022an, Astigarragako Udalak eta Baserritarren Mahaiak maiatzaren bigarren hamabostaldian San Isidro Eguna eta Ilarraren Eguna egitarau bateratu batekin antolatzea erabaki zuten. Lurraldia izena jarri zioten.

Kontzertuak

Honela, egitarau oparoago eta anitzago batekin, kontzertuak ere daudelarik, helburua baserritarren lanari duen balioa ematea da eta astigartarrei hori ikusarazi nahi diete, baserria herritarrengana hurbilduz eta aldi berean herritarrak baserrira gerturatuz.

Aurten ere, hitzordu honek garrantzia handia dauka baserria eta lehen sektorearen testuinguruarengatik. Aurtengo Lurraldiaren aurkezpenean aditzera eman zutenez, “baserritarrak Estatu mailan eta bereziki Euskal Herrian egindako aldarrikapenek agerian utzi dute lehen sektorea tinka larrian dagoela”. Joera hau aldatzeko, “gure udalerriko baserritarrak, herriko elkarteak eta udal administrazioak hamaika ekimen eta erantzun eman beharrean gaude”. Horietako bat jardunaldi hauek dira.

Gainera, Astigarragan Baserritarren Mahaia martxan dago, bere jardunen artean aurkitzen dira: balio estrategiko handiko lurzorua defendatzea; biodibertsitatean eta oreka ekologikoan nekazaritzaren eta abeltzantzaren ekarpena aintzat hartzea; lehen sektorea erakargarria izateko urratsak ematea, tartean belaunaldi erreleboa ahalbidera-tzea; bertako produktuak erosteko ekimenak sustatzea; eta baserriaren ondare kulturala nahiz arkitektonikoa bermatzeko urratsak ematea.

Bide horretan, herriko Baserritarren Mahaiak sektorearekiko gaiak eta herri mailako sentsibilizazioa jorratzen ditu: baserrien errolda, azoka gunea, bertako produktuen katalogoa, udalerriko bost biztanle entitateak, baserritarrentzat dirulaguntzak eta baserrietarako baliabideen hornidura, besteak beste.

Ildo horretatik Udalak une honetan honako egitekoak martxan ditu: 30.000 euro dirulaguntzetan daude banatzeko eta 150.000 euro bidera-tzen ditu herri bideen konponketarako. Irailean Olabide eta Latxaga arteko bidea konponduko da.