ASTIGARRAGA - Baserritarren Mahaia lehenbailehen era dadin eskatu du Astigarragako EH Bilduk. Adierazi dutenez, baserritarren egoera hobetzeko lanean hasi beharra du Udal Gobernuak. Esaterako, herri bideak konpontzeko eta landa eremuko seinalizazioa hobetzeko lau urtetan gutxienez 150.000 euro urtero bideratzea proposatu dute.

Oposiziotik gogorazi dutenez, maiatzaren 15ean San Isidro Eguna izan zen, baserritarren eguna. “Ondo dago eta beharrezkoa gainera egun honetan baserritarrekin gogoratzea, baina garrantzitsuagoa da hauek urte osoan zehar gogoan izatea. Udal Gobernu honek gai honetan ere utzikeria galanta erakusten ari dela uste dugu”, adierazi dute ohar batean.

“Udalean egin diren Pleno eta batzordeetan behin eta berriz Baserritarren Mahaia elkartzea eskatu badugu ere, Udalak ez du urratsik eman. Asteak pasa dira eta bere horretan jarraitzen dugu”, azpimarratu dute.

Aurreko legealdian, aurten 25 urte bete dituen Goldea herriko elkarteak hala eskatuta, Baserritarren Mahaia sortu zen. “Bertan, Goldeako ordezkariak, hainbat baserritar, aditu, udal tekniko eta ordezkari politikoak parte-hartu genuen eta Astigarragako baserri eta baserritarren diagnosi sozioekonomikoa burutu zen herriko baserri ia guztiak bisitatuz”, baieztatu dute.

“Txostenari esker, ezagunak eta ezezagunak zitzaizkigun egoerak azalarazi ziren eta aurrera egiteko hainbat ekintza aurreikusi ere, hala nola: baserria eta komertzioa eta ostalaritzaren arteko harreman komertzialak estutzea”, esan dute. - A.M.