Tolosako Ekinbide Etxeak, Musikenerekin lankidetzan, antolatutako formatu txikiko doako kontzertu zikloa izango da ikusgai maiatzan Tolosan: Maiatzeko Doinuak ekimena, alegia. Horrela adierazi zuen udaleko kultura zinegotzia den Goiuri Ezeizak pasa den asteko ostegunean eginiko ekitaldian.

Egitaraua

Guztira lau kontzertuk osatzen dute aurtengo edizioaren egitaraua eta guztiak maiatzeko igandeetan eskainiko dira (igande bakoitzeko bana), eguerdiko 12.00etatik aurrera, Topic museoko areto nagusian. Udaletik diotenez, “ekimen hau Musikeneko musika interpretazioko masterraren baitan jasotako proiektu bat da, eta horren bitartez, ikasleek estilo eta talde desberdineko instrumentuez osaturiko lau kontzertu antolatzen dituzte, beraiek eskaintzeko”.

Horri jarraiki, 3. edizio hau, igande honetan bertan, maiatzaren 5ean, hasiko da, flautaz eta arpaz osaturiko Dúo Carmesí taldearen eskutik. Bigarren kontzertua maiatzaren 12an izango da, Fluctus Quartet taldearekin. Kasu honetan, biolina, bi biola eta biolontxeloa izango dira laukotea osatzen. Maiatzaren 19an, berriz, Boreas Wind Quintet boskotearen emanaldia eskainiko da; flauta, oboea, bi fagot eta tronparen doinuak uztartzen dituen taldea da hau. Eta zikloari amaiera emateko, maiatzaren 26an Master Brass Quintet boskotea arituko da, metal instrumentuak joz: bi tronpeta, tronpa, tronboia eta tuba.

Igandea

Igande honetako kontzertuari dagokionez, Jaime Barranco Quirósek flauta joz eta Luis Felipe Quirogak arparekin osatzen duten Dúo Carmesí taldeak eskainiko du ekitaldia. Datorren asteko kontzertua, hilaren 12koa, Fluctus Quartet-en esku izango da.

Hari-laukotea osatzen duen taldea da hau, eta biolinean Paula Alarcónek, biolan Pedro Roquek, biolan Martí Lópezek eta biolontxeloan Pablo Ruizek osatzen dute taldea, udalak azaldu duenez. Maiatzaren 19ko kontzertuko protagonista berriz Boreas Wind Quintet haize boskote taldea da eta, antola-tzaileek diotenez, “kide guztiek, beren egungo prestakuntzaren kokagunea ez ezik, ganbera-musikarekiko grina eta eremu horretan musikan eta profesionalki garatzeko gogo sakona ere partekatzen dituzte”.

María Álvarez García (flauta), Jorge Pablo Fuentes Osorio (oboea), Alejandro Costa Vilella, María Molina Martos (fagota) eta Llorenç Tormo Mira (tronpa) dira taldea osatzen duten musikariak. Bukatzeko, Master Brass Quintet metal-boskoteak eskainiko du 26eko azken kontzertua. Tronpetarekin aritzen diren Rodrigo Pérez Arín eta Alberto Camañok, tronpa jotzen duen Llorenç Tormo Mirak, María Benitez Mejias tronboijoleak eta Angel Belda Parra tubak osatzen dute taldea.