Hamabost lagunek eman dute izena umorea eta barrea oholtza gainera eramango duen Algaraka bakarrizketa lehiaketan, Euskal Herrian ospatuko den adierazpen artistiko honetako lehena. Hiru zuzeneko kanporaketa egingo dira Bergarako Seminarixoko taula gainean (maiatzaren 10ean, eta baita finala, 31n); Urretxuko Labeaga aretoan (17an), eta Zumaiako Aita Mari antzokian (24an).

Guztira hamabi bakarrizketarik parte hartuko dute. Epaimahai lanetan Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Josu Zubia kulturgile eta Potx pailazoa, eta Aner Peritz bertsolari eta sortzailea egongo dira. Hauek hamaika izen aukeratuko dituzte; hamabigarrena, aldiz, publikoaren esku utziko da, eta horrek algaraka.eus/bozketa helbidean eman beharko du bozka hilaren 26a baino lehen.

Ion Martinezek, Ander Malbadik, Lide Arregik, Amaia Ruiz de Galarretak, Gaizka Sarasuak, Maider Mimik, Manex Astigarragak, Joxe Aldasorok, Xabin Fernandezek, Josu Arrizabalagak, Joana Arakistainek, Kaitin Allendek, Mikel Iriartek, Erik Urbietak eta Asier Galarzak euren talentua erakutsiko dute taula gainean.

Parte hartzaileak

Algaraka bakarrizketa lehiaketa Bergarako Jardun Euskara Elkarteak eta Goiena Komunikazio taldeak antolatu dute elkarlanean. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak babestu dute ekimen hau, Zumarragako, Urretxuko eta Zumaiako udalen laguntzarekin.

EITB ere batu da, eta lehiaketa guztiaren koprodukzioaz arduratuko da Debagoieneko telebistarekin batera. Hala, saio guztiak Primeran euskal streaming plataforman egongo dira ikusgai. Bestalde, algaraka.eus webgunean izena eman duten guztien bideoak ikusgai daude.