Umorea eta barre asko oholtza gainean. Guztia euskaraz, gainera. Horiek izango dira Algaraka bakarrizketa lehiaketaren osagai nagusiak; Euskal Herrian ospatuko den adierazpen artistiko honetako lehena. Hitzorduak maiatzeko lau ostiraletan izango dira Bergaran, Urretxun eta Zumaian.

“Euskal Herria bakarrizketagintzaren loraldian dago, eta errealitate hori aprobetxatuz, bultzada bat eman nahi izan diegu ahozkotasunari eta euskal sortzaileei. Ideia Goiena Komunikazio Taldearekin partekatu, eta hura martxan jartzeko erabakia hartu genuen elkarrekin”, azaldu zuen atzo Bergarako Jardun Euskara Elkarteko kide den Nerea Mendizabalek.

Jardunek eta Goienak bat egin zuten erakunde publikoen babesa eta laguntza jaso duen egitasmo honetan. Ildo horretan, Bergarako Kultura Zinegotziak, Maite Usabiagak, “oso interesgarritzat” jo zuen euskara eta kultura sustatzera datorren lehiaketa hau. “Sortzaile euskaldunei garatzeko aukera eskaini behar diegu, etorkizuneko euskal erreferente berriak sortu daitezen, hain beharrezkoak ditugunak”, defendatu zuen Usabiagak Seminarixoan egindako aurkezpen ekitaldian.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari den Maria Jose Telleriak esan zuen “atsegin handiz” hartzen dutela parte umorezko bakarrizketa sariketa honetan. “Euskarazko talentua eta kultura sustatzea xede duen ekimena da. Eta, aldi berean, tokiko sortzaileek beren talentua ezagutarazteko eta gure lurraldearen kultura-aberastasunari laguntzeko plataforma bat ere bada”, nabarmendu zuen. Telleriak adierazi zuen, halaber, lehiaketak Gipuzkoan hasiko duela bere ibilbidea, Euskal Herriko beste toki batzuetara zabaltzeko asmoarekin.

Hiru kanporaketa eta finala

Izena emateko epea apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu, eta euren gaitasun komikoak erakutsi beharko dituzte, ikusleei barre eginaraziz. Lehenengo kanporaketa eta finala Bergarako Seminarixoko taula gainean izango da maiatzaren 10ean eta 31n, hain zuzen ere. Bigarren eta hirugarren saioak, aldiz, Urretxuko Labeaga aretoan eta Zumaiako Aita Mari antzokian ospatuko dira hilaren 17an eta 24an, hurrenez hurren.

Bi aurpegi ezagunek gidatuko dituzte saio guztiak: Miren Nogales aktore eta aurkezleak, eta Jon Olivares aktore bergararrak. Epaimahai lanetan, ordea, Idoia Torregarai kazetari eta umorista, Josu Zubia kulturgile eta Potx pailazoa, eta Aner Peritz bertsolari eta sortzailea egongo dira. Ekitaldi bakoitzean, gainera, umorista profesional bat arituko da.

Primeran plataforman

Jardun Euskara Elkartearen eta Goiena Komunikazio taldearen arteko elkarlan horretara EITB batu da, eta lehiaketa guztiaren koprodukzioaz arduratuko da Debagoieneko telebistarekin batera. Hala, saio guztiak Primeran euskal streaming plataforman egongo dira ikusgai.

Monika Belastegik, Goienako presidenteak, eskerrak eman zizkien proiektu honetan sinistu eta laguntzera bildu diren “erakunde guztiei” –Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia babesle gisa, eta Urretxu, Zumarraga eta Zumaiako udalak laguntzaile moduan–. “Pozik eta gogotsu gaude; EITBrekin elkarlanean ekoiztea berria eta erronka polita da Goienarentzako”, azpimarratu zuen Belastegik.

Beraz, barre-algaraz eta dibertimenduz beteriko lehiaketa antolatu dute. Publikoari eta, batez ere, euskal sortzaileei irekia. Guztiek dute beren talentua agertokian erakusteko aukera.

Lehiaketa

  • Izen-ematea. Apirilaren 19ra arte egongo da zabalik epea. Parte hartu nahi dutenek 2-3 minutuko bideo bat aurkeztu beharko dute. Izena emateko bi modu daude: komunikazioa@algaraka.eus helbidera idatzita, edo algaraka.eus webgunean.
  • Hamabi hautatu. Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu. Hamabigarrena publikoaren esku geratuko da, eta horretarako aukera izango da apirilaren 22tik aurrera, algaraka.eus-en. Aukeratuen izenak apirilaren 29an jakinaraziko dira.
  • Sariak. Lehen saria: 1.000 euro, eta Bergarako tostoiak eta erreilenoak. Bigarrena: 600 euro. Bergarar onena: 250 euro (bonuak herrian erabiltzeko). Publikoaren saria: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria, eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria.
  • Informazio guztia. algaraka.eus-en eskura daiteke.