Tolosako Udalak, eskualdeko asanblada feministarekin elkarlanean, “indarkeria matxistaren aurkako pauso irmoak” ematen jarraitzen du. Hori dela eta, Yo sí te creo… siempre que no conozca al agresor izenburupean, ostiral honetan, apirilak 12, indarkeria matxista hizpide duen hitzaldi irekia egingo da 19.00etan hasita, udaletxeko pleno aretoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, hain zuzen, osteopataren kasuari eta udala biktimen erreparaziorako eskubidea bermatzeko egiten ari den esku-hartzeari lotuta doa ekimen hau.

Psikologo batek gidatua

Hitzaldia herritar ororentzat irekia izango da, eta Norma Vazquez psikologo feministak gidatuta, “indarkeria matxistari aurre egiteko gizartean sortzen diren kontraesanen inguruan gogoeta kolektiboa bultzatu eta zabaltzea” izango du helburu nagusitzat. Horrela, Udaleko ordezkariek diotenez, hitzaldian bertan, “elkarrizketarako espazioa eskainiko da eta indarkeria matxistaren biktimekiko zein indarkeria mota hori eragiten duenekiko pertzepzioen eta jarreren inguruan hausnarketa egitera gonbidatuko dituzte parte-hartzaileak”, bereziki biktimak, edota bere ingurukoak, erasotzailea ezagutzen duten egoeren inguruan.

Jada Andragoran egin diren zenbait hitzaldiez eta ostiral honetarako antolaturiko ekimenaz gain, “indarkeria matxistaren aurkako kanpainan beste hainbat ekitaldi antolatzea” aurreikusten du Tolosako Udalak. Horrelakoekin, sentsibilizazioa sustatu eta biktimei babesa adierazteko helburuarekin.