2023ko udazkenean Lezoko kaleetan hizkuntzen erabilera neurtzeko eginiko azterlanaren berri eman dute Soziolinguistika Klusterrak. Iker Salaberriaren, Euskara zinegotziaren, hitzetan “datuek erakusten duten bilakaerak kezkarako arrazoiak sortu dizkigu”.

Kezka

Izan ere, euskararen kale erabilera %29,1ean kokatu da azkeneko neurketa honetan, eta hori azken hogei urteotako datu baxuenetako bat da. “Azken urteotan erdararen erabilera indartzen ari da, euskararen kaltetan”, azpimarratu du Salaberriak.

Zinegotziak azaldu duenez, “joera hori nahikoa orokorra da Lezoren antzeko beste herri askotan ere, eta beraz, herriko faktoreez gain, euskararen erabileran eragiten duten faktore orokorretan ere jarri behar da arreta”. Zentzu horretan, “gaur egungo hizkuntza-politika ahulak; bizi dugun oldarraldi juridiko, politiko eta ideologikoa; ikus-entzunezkoen eragina…”, aipatu ditu.

Gurutze Santuaren Plaza , Lezon. Aitziber Muga

Beste datu bat ere eman du: “Adin taldeen arteko elkarrizketei begiratzen badiegu, haurrak eta nagusiak nahastua daudenean egiten da euskara gehien (elkarrizketen %47). Ondotik haurren artean (%34), eta azken datu horrek, gainera, joera gorakorra izan du azken urteotan (2016an %22,4). Aldiz, helduen artean egiten da euskara gutxien (%18,1)”. Azken adin tarte honen baitan, ordea, alde nabariak daude. Heldu nagusien (45-64 urte) artean kale erabilera %15,9koa den bitartean, heldu gazteen artean (25-44), datu hori %28,4ra arte igotzen da.

Bi ondorio

Euskara zinegotziaren esanetan, datu horietatik, bi ondorio, behintzat atera litezke: “Batetik, argi erakusten du gurasoek euren seme-alabei euskara transmititzeko eta eurekin euskaraz egiteko egiten duten ahalegina; guraso horietako asko, datuen arabera, erdaraz errazago edo erosoago moldatzen diren arren. Bestetik, ordea, azken urteotako hainbat azterketetan ikusi den bezala, belaunaldi horiek adinean gora egin ahala, berehala ohartzen dira euren gurasoen, eta oro har, helduen arteko ohiko jarduna erdaraz garatzen dela. Gazteek helduaroko hizkuntza ohikoena, nagusia, erdara dela berehala ikasten dute”.

Mikel Arruti alkateak aditzera eman duenez, legegintzaldiko erronka nagusietako bat euskararen kale erabilera datuak hobetzea da, eta horri erantzunez, martxan jarri berri da Lezo Euskaragarri prozesua. “Prozesu horren baitan, Udalgintzatik eta herrigintzatik euskararen normalizazioa bultzatzeko ahaleginak bateratu eta norabide berean kokatu nahi dira”, gogorazi du.

Kale neurketaren datu guztiak jasotzen dituen txostena Udalaren webgunean (lezo.eus) eskuragarri dago jadanik.