Azpeitiko Udalak lanaldi osoko hiru lanposturen eskaintzak egin ditu: energia bulegoko arduraduna, Ekoetxeko ingurumen hezitzailea eta turismo bulegoko harreragilea. Lanbiden eman behar da izena. Ingurumen hezitzaile eta turismo bulegoko harreragile lanpostuen kasuan epea apirilak 7an bukatzen da eta energia bulegoko arduradun lanpostuan apirilak 14an.
Energia bulegoko arduradunaren betebeharrak hauek izango dira: dirulaguntza berriak identifikatu, justifikatu eta tramitatu; komunitate energetikoari buruzko informazioaz eta bazkidetzaz arduratzea; energia fakturei buruzko informazioa eta aholkularitza ematea herritarrei; birgaitze energetikoei buruzko informazioa ematea… Urtebeteko kontratua izango du, gutxienez (soldata, 3.095 euro). Turismoko bulegoko harreragilearen ardura, berriz, turismo bulegora joaten direnei arreta ematea izango da. Apirileko 12tik irailaren 30era arteko kontratua izango du (soldata, 2.430 eurokoa). Azkenik, Ekoetxeako ingurumen hezitzailearen betebeharretako bat Ekoetxearen eskaintzan barneratutako jarduera eta esperientziak azaltzea eta gidatzea etortzen diren talde edo norbanakoei izango da. Lanean hasteko aurreikusitako data apirilaren 10a da eta soldata gordina 2.541 eurokoa. Baja luze batek sortutako hutsunea betetzeko izango da kontratua.