Zizurkilgo Herriguneko herri eskola, “eskola txiki, publiko, laiko eta euskalduna” dela adierazi dute bertako kideek. Hori dela eta, ezaugarri horietako bakar bat ere ez du betetzen San Millan izenak, eta gurasoen ekimenez eskolari izena aldatzeko prozesua abiatu dute.

Eskola

Gaineratu dutenez, “eskola barruan egin dute lanketa orain arte, herrira zabaldu eta gaia gizarteratzeko lanean aritu dira azken asteotan, eta ikasturtea amaitu baino lehen erabaki nahi dute izen berria”. Bi guraso eta irakasle batez osatutako batzordea aritu da hilabeteotan prozesua abiarazten.

Ikasle ohiak

Eskolako ikasle ohi eta gaur egun guraso den Igotz Alkortak esan du aspalditik, eta modu informalean, hitz egin izan dutela Zizurkilen eskolaren izen aldaketaz, baina aurtengo ikasturte hasierara arte ez dutela gaia planteatzeko pausoa eman. Ikasturte hasieran ordea, guraso bileran bildutako oniritziarekin eskolako zuzendaritzara jo zuten eskaera egiteko.

Maitane Telletxea San Millan eskolako zuzendariak azaldu duenez, “Klaustrokideekin komentatu nuen eta inork ez zuen eragozpenik jarri, beraz, gaia eskolako organo gorenera eramatera erabaki genuen. Han ere oniritzia eman zitzaion aldaketari eta prozesuari hasiera azaro inguruan eman genion”. Halaxe sortu zuten prozesua gidatzeko batzordea Alkortak berak, Jone Larrañaga gurasoak eta Miren Pastor irakasleak.

Adostasuna eta laguntza bilatu

Ezertan hasi aurretik, kontraste lan bat egin nahi izan zuten, gai honekin adostasunak bilatu eta balizko gatazkak ekiditeko. Urte askoan eskolan irakasle izan eta arrasto nabarmena utzitako Elena Laiz irakasle ohiarekin, Hernandorena kultur elkartearekin eta eliz komunitateko taldearekin hitz egin zuten. Begi onez ikusi zuten haiek ere izena aldatzearena eta berme horrekin abiatu zuten lanketa San Millan eskolan bertan.