Hizkuntzen Erabileraren 2023ko Kale-Neurketaren emaitzak aurkeztu zituzten astearte goizean Galtzaundi Euskara Taldeak, Tolosako Udalak eta Uemak. Aurkezpenean azaldu zutenez, “1985. urtetik, urtero egiten da hizkuntzen erabileraren kale-neurketa Tolosan”, eta, 2023koan, 6.982 hiztunen informazioa bildu da. “Jasotako datuen bolumen handiak, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen” duela ere baieztatu zuten. Eginiko neurketaren bitartez ondorioztatutakoa da “euskararen kale-erabilera berrindartu” egin dela Tolosan azken 38 urtetan. 1985ean, %29koa zen eta 2023ean, berriz, %52,3koa. Azken emaitza hau, gainera, neurketak egiten direnetik jasotako altuena da eta bosgarren aldiz, eta jarraian gainera, euskararen kale erabilera gaztelaniarenaren gainetik erregistratu da.

Haurrak euskeraz gehien hitz-egiten dutenak

Haurrak (%73) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%59) eta heldu-gazteak (%60) daude, eta horiei jarraiki heldu-nagusiak (%42) eta adinekoak (%36). Bilakaera horretan azpimarratzeko da 45 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 40 urtez azpikoek %65eko erabilera erregistratu dute, 40 urtez gainekoei %39ko erabilera neurtu zaien bitartean. Astearteko aurkezpenean Galtzaundi Euskara Taldeko zuzendaria den Manex Urruzolak azaldu zuenez, “neurketen datuak oso baikorrak dira eta joera egonkortuta dagoela ikusten da”. “Gure hizkuntzak Tolosako kaleetan espazioak irabazten jarraitzen du, eta datu hauek garbi uzten digute azken urteetan Tolosaldeak eta Tolosak zerbaitetan asmatu dutela, datu hauek jende askoren ondo egindako lanaren emaitza eta fruituak baitira”, gaineratu zuen Urruzolak harrotasunez.

Udalerri euskaldunak aldatzen ari direla “bistakoa” dela ere azaldu zuen asteartean Maier Ugartemendia Uemako teknikariak. “Azken urteetan ikerketei garrantzi handia eman diogu Uematik, ondoren datuen araberako diagnostiko zehatzetan oinarrituta aritzen garelako lanean dagokion esparruan”, azaldu zuen. Ugartemendiaren ustetan, ordea, oraindik hainbat arlotan “eragiteko beharra” dago. “Euskalgintzak eta erakundeok batera lan egin behar dugu. Horretarako Tolosaldea giltzarria da. Adibide garbia da Tolosaldean horrela lan egin daitekeela eta aurrera begira eskualde bezala dituen aukeren alde lanean jarraituko dugu”, baieztatu zuen.