Bihar eraso matxista edo indarkeria matxista egoera baten aurrean nola jokatu azalduko duen hitzaldia antolatu du Astigarragako Berdintasun Mahai Txikiak martxoaren 8ko egitarauaren markoan, Nola jokatu eraso matxista baten aurrean? izenburupean. Berdintasun Mahai Txikia herriko hainbat eragilek (Emakumeon Etxeak, Gazte Asanbladak, Xaguxar aisialdi elkarteak, Matazak Indarkeria sexistaren aurka elkarteak), gaztelekuak eta Udaleko Berdintasun sailak osatutako foroa da.

Esan bezala, saioa bihar izango da, 10.00etatik 11.30era Emakumeon Etxean. Hizlaria Emagin elkarteko Ainara Sarasketa izango da eta hi-tzaldia euskaraz izango da.

Hitzaldiaren ondoren, Nik sinesten dizut leloa duten txapak banatuko dira bertaratutakoen artean.

Erasoak identifikatzeko eta detektatzeko tresnak

Antolatzaileek aurreratu dutenez, saioan landuko diren gaien artean, genero-rolei buruzko gogoeta eragingo da eta indarkeria eta erasoak identifikatzeko eta detektatzeko tresnak aztertuko dituzte. Horrez gain, edozein herritarrek eraso bat ikusi edo indarkeria egoera baten berri izanez gero, jarraitu beharreko pausoak eta biktima artatzean aintzat hartu beharreko gomendioak zehaztuko dira bertan.

“Herritar guztion ardura da Astigarraga indarkeriarik gabeko herria izatea eta saioa norkbere erantzukizunaz hausnartzeko abagunea izango da”, esan dute. – A. Muga