Usurbilgo Udalaren laguntzarekin, Chillida Lekuk eta 650 Usurbil Bizi proiektuak elkarlanean, Jose Luis Zumeta eta Eduardo Chillida artisten ondare kulturala ezagutzeko bisita gidatu berezi bat antolatu dute.

Bisita hau bi egunetan burutuko da: otsailaren 25ean eta martxoaren 23an. Jadanik bi hitzorduetarako izen-ematea zabaldu da, 650usurbilbizi.eus/agenda webgunean.

Bisita hau bi urteurren betetzen direlako egitea erabaki zuten: aurten ehun urte betetzen dira Chillida jaio zela eta iaz 50 urte bete ziren Zumetak frontoi atzeko murala sortu zuela.

Ines Azpiazuk, 650 Usurbil Bizi proiektuko dinamizatzaileak, bisitaren inguruan xehetasun gehiago eman zituen. Bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan, Usurbil Museo Irekia bisitarekin, herriko kaleetan dauden artelan garaikideak azalduko dituzte. Bigarren zatian, Chillida Lekura joango dira, eta bertako gidak eramango ditu museo ireki horren barrura.

Parte-hartzaileak Sutegi liburutegian bilduko dira 11.00etan eta gehienezko bisitari kopurua hitzordu bakoitzarentzat hamalau lagunekoa izango da. Autobusa egongo da, Usurbildik Chillida Lekura eta handik Usurbilera itzultzeko. Bisita 13.30ean bukatzea aurreikusten da. Azalpenak euskaraz emango dira.

Bisitaren prezioa 18 urtetik gorakoentzat zazpi euro izango da eta adingabeentzt doan izango da. Eskudirutan ordainduko da bisita gidatua hasi baino lehenago.

Mikel Chillidak, artistaren bilobak eta Chillida Lekuko Garapen arduradunak, azaldu zuenez, Chillidaren urteurrenaren baitan, XVI. mendeko baserrian Maeght Unibertsoa izeneko erakusketa ikusgai dago. Chillidaren obren eta Aimé Maeght arte-merkatari historikoak eta bere emazte Margueritek lan egin zuten artista batzuen arteko elkarrizketa proposatzen duen erakusketa da hau. Alberto Giacometti, Alexander Calder, Joan Miró, Julio González eta Barbara Hepworth artisten lanak ikus daitezke.

Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak gogorarazi zuenez, ez da lehenengo aldia Zumetaren eta Chillidaren lanak uztartuko direla. Izan ere, Zumetak eta Chillidak 1960ko hamarkadaren erdialdean egin zuten bat, Gaur taldearen sorreran, beste hainbat artistarekin batera: Amable Arias, Basterretxea, Remigio Mendiburu, Oteiza, Rafael Ruiz Balerdi eta Jose Antonio Sistiaga.